GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa I Surflari Ernegatua

Slater Txalupan


Kelly Slaterrek aktore izan nahi omen zuen, hori zen bere txikitako ametsa. Bere esanetan, txapelketak antzerki moduko bat dira, eta berak aktore nagusi gisa jokatzen du. Gidoia ezagutzen du eta berau ahalik eta ongien jarraitzen saiatzen da.

Jantzi behar duen likraren arabera, kolore bateko edo besteko ur jantzia eramaten du. Urertzera gerturatzen da, apur bat giharrak luzatu eta jarraian, ukalondoak taularen ertzetan jarrita, belauniko, begiak itxita eta eskuekin kopeta eusten duela, errezatzen hasten da. Liturgia ikusgarria da. Aktore lanetan ari da.

Hossegorren, ikusi ahal izan genuen Slater bere dohainak muturrera eramaten. Aurkari brasildarra zuen, Jadson Andre, surflari ona, baina arazorik emateko gaitasun handirik gabekoa.

Jadson bost minutu lehenago hasi zen barruratzen, baina lau minutu behar izan zituen urautsira iristeko. Gorriak ikusi behar izan zituen, gainera, apar lodiko olatu erraldoiek atzeman baitzuten bidean.

Txanda hasteko minutu bat falta zenean, Slater urertzean zegoen oraindik. Bat-batean jaiki, korrika hasi eta lehen aparra gainetik pasa zuen salto batean, olatu handi batek emandako astinduari eutsi, korrontea zeharkatu eta bere txanda hasterako nahi zuen lekuan zen.

Sekulako ikuskizuna eskaini zuen Kellyk. Beti eskaintzen du. Hondartzako sorosle gisa antzezle eskasa izango zen, baina egunerokoan parekorik ez duela frogatu du.

Orain artean aktore gutxi nituen gogoko. Behin lerro hauetan aurkeztu nizuen Erick Banderas porno izarrarekin batera, gutxi dira maite ditudan aktoreak, ohikoak gehienak, Robert de Niro, Paul Newman, Al Pacino, Iñaki Perurena, eta abar.

Aurrerantzean, Slater ere aktoreen zerrendan sartuko dut, nahiz eta Maria Cristinako korridorea zeharkatzen inoiz ikusiko ez dudala badakidan. Ezta Eric Banderas ere, baina azken hau, Orioko Txalupa tabernan ikus dezakegu, ostiral honetan bertan, gaueko hamaiketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo