GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Etsipenerako lekurik ez

Gogoan dut uda honetan behin baino gehiagotan aipatu izana, atzerrian egonda, zein espainiar gutxi ikusten zen. Munduan zehar joanda, espainiar turisten taldeak izurrite baten modukoak dira. Agian, izango da elkarri itsatsita ibiltzeko joera dutelako, baina ezinezkoa da haiei ez erreparatzea. Oraingoan, ordea, zinez gutxi aurkitu ditut.

Horren arrazoia, ziur asko, krisiaren eragina izango zela ondorioztatu genuen; izan ere, jendea larri dabil, jendea beldurtuta dago, gero eta kikilduago eta, badaezpada ere, etxean sartuta, aurrezte aldera, etor daitekeenaren are ondorio latzagoei aurre egiteko bere burua prestatzen. Beldurra dago jendartean, sentitu egin daiteke. Nos están metiendo miedo, etengabe, egitura politikoetatik, hedabideetatik, hitz teknikoz jositako ekonomia saileko datu, tasa, zifra eta kopuruen bidez. Azkenean, sentipena dugu beste guztiak ez diola piperrik axola gaur egun, herrialdearen ekonomia eta, hortaz, lanbidea salbatu, eta sortu, besterik ez. Badirudi, gero eta gehiago, bestelakorik defendatzen eta exijitzen jarraitzeak, krisi aurreko indar berarekin, iraingarria ere bihurtzen ari dela.

Ez naiz gai ulertzeko nola demontre izan daitezkeen iraingarriak orain arte lorturiko aurrerapenak eta lorpenak ezerezean ez geratzeko aldarrikapenak. Ezin dut konprenitu bat-batean berdintasuna, osasuna edo hezkuntzaren moduko funtsezko arloak bigarren mailako bihurtzea, horiek beste barik sakrifikatzea, ez dakit zein premia larriagoaren izenean, «zulotik ateratzeko beste erremediorik ez dagoelako». Bankuak daude pertsonen aurretik, guri kentzen zaigu haiei emateko; krisiaren ondorioak benetan jasaten ari garenok ari gara krisi eragileen egoera konpontzen, eta, bien bitartean, eskubideak galtzen ari gara, atzera egiten, eta are okerragoa dena, etsitzen. Etsipen handia hautematen dut inguruan, hala nola nekea. Borrokatzen ari gara, bai, baina itxaropen gutxi ikusten dut begiradetan, solasaldi eta jendearen iritzietan.

Hori irabazten badigute... gureak egin du. Lanari eusteak baino kezka ez gaitzan lortzen badute, edozein baldintzatan, sekulako zortea dugulako ustea finkarazita, beste ezeri errepara ez diezaiogun lortzen badute, oso jendarte atzerakoira itzuliko gara, antzinako egitura eta aukeretara, aukerarik ezara. Guztia politikoki zuzena delako itxurapean, modernotasun sozial eta materialean bizi garelakoan, eta, hondoan, gezurrezko berdintasun eta bidezkotasunean.

Irmotasuna da geure armarik onena, gauzak aldatzeko motorra geu garelako eta gauzen alde baterako edo besterako garapena geure mugimenduak eragingo duelako uste sendoa. Arlo bakar bati ez eta guztiei heltzen jarraitzea, konplexu eta beldurrik barik, ezinbestekoa da erabat jan ez gaitzaten; berdintasunaren aldeko borroka, kulturaren defentsa, herrialde gisa geure nortasunaren aitorpena, geure osasuna, hezkuntza... ezin dira hemendik eta X urterako planen zain egon, guk geuk utzita horiek beste une baterako, gauzek hoberantz egiten dutenerako. Ez dute-eta egingo, geuk eginarazi ezean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo