GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber PEREZ DE KARKAMO Kazetaria

Bizi gaituen garaia

 

Zein da historia ikasteko arrazoia? Oraina ulertzea edo ekiditea?». Jeffrey Eugenidesek galdera hau luzatzen digu «Middlesex» eleberriaren une batean. Istorioaren narratzaileak bere oraina kokatzeko zortzi belaunaldiko ibilbidea egiten duenez gero, pentsatzekoa da historiari so egitea ez dela kontu hutsala.

Historia ikasteak berebiziko garrantzia duela uste dutenen artean dira UPNko agintariak. 1512an Nafarroan jazotakoa, konkista izatetik urrun, «gainerako espainiar erreinuekiko behin betiko bat egitea» izan zela irakatsi digutenek lezio berria eman digute. Orain egun gutxi, Ignazio Aiestaran irakasle eta idazleak «Salbuespen demokrazia eta ondasun erkideen tragedia» izenburupean Iruñean eskaini beharreko hitzaldia bertan behera geratu zen. «Bizi gaituen garaia» ziklorako prestatutako solasaldiaren izenburua eta laburpena ez omen ziren Teresa Lasheras Udaleko Kultura zuzendariaren gustukoak izan eta horiek alda zitzala eskatu zioten hizlariari. Nola dateke horrenbeste goraipatzen duten egungo demokrazia eredua salbuespentzat jotzea eta Naomi Klein edo Toni Negri bezalako autoreen lanak hizpide hartzea? Behin oraina ezin ekidin denean, hobe ez ulertzea, ez gaitezen hasi egungo sistemaren inguruan hausnartzen.

Bien bitartean, ordea, historiaren aztarnek azaleratzen jarraitzen dute Nafarroan. Aranzadik Auritz inguruan topatutako aztarnategiak II. mendean erromatar klasikoek aipatutako Iturissa baskoien hirira hurbildu gaitu. Oraina ulertzeko Historia ikastea maite duen herria da gurea, eta oraina uler ez dadin salbuespen istorioak nonahi badira ere, geroak bere bidea egingo du, eta hori ekidinezina da.