GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bake Bideak foroa egingo du Baionan Aieteko eragileen parte hartzearekin

Bere burua aurkeztearekin batera, Bake Bideak bere egitasmoen berri eman zuen atzo Baionan. Horien artean, unibertsitatearekin batera eta Lokarriren laguntzarekin, abenduan 15erako foro bat antolatzen ari dela iragarri zuen. Aieteko Konferentzian parte hartu zuten nazioarteko hainbat pertsona eta eragilek parte hartuko dute bertan. «Geroztik egindako urratsak aztertzea eta gogoeta gizarte osora hedatzea» izango du helburu jardunaldiak.

p018_aran.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Aieteko Konferentziaren lehen urteurrenaren atarian, han finkatutako ebazpenak hartu ditu oinarritzat Bake Bidea mugimenduak. Bere sorrera jakinarazi, eta gizarte mugimenduak hurrengo hilabeteetarako dituen egitasmoen berri eman zuen atzo, Baionan.

Horien artean dago Baionako Unibertsitatearekin batera abenduaren 15erako antolatzen ari den foroa. Ekimen horretarako «baita Bake Bidea mugimenduaren jardunerako ere» Lokarri izango dute bidelagun.

Aieten parte hartu zuten nazioarteko aditu eta eragileekin orduz geroztik egindako urratsak eta egoera aztertzeko parada izango da topaketan. Halaber, gizartean bake prozesuaren gaineko eztabaida eta gogoeta sustatzea izango da bigarren helburua.

Izan ere, Erregina Dolossor eta Christophe Deprez Bake Bideko kideek argi utzi zuten «soilik parte hartze eta mobilizazio indartsuarekin lortuko dela eskubide demokratikoak bermatuko dituen prozesu bat abian jartzea». Gizartearen inplikazioa lortzea ez dela «erraza» izango badakiten arren, argi dute «prozesuaren arrakasta herritar guztien ekarpenaren araberakoa» izango dela.

Estatuen disposizio eza

Interpelazio andana egin zaien arren, bi estatuek ez dutela «elkarrizketak ekartzen dituen aukera zabalen neurria hartu» gaineratu zuten: «Gaur arte, estatuek ez dute Euskal Herrian bake prozesua irekitzeko inolako disposiziorik erakutsi. Soilik ETAk erakutsi du inplikatzeko eta eztabaidatzeko prest dela, borroka armatua behin betiko utzita».

Beren aburuz, estatuak mugiarazteko «funtsezkoa» da «ordezkari politikoek, gizarte eragileek eta herritarrek bake prozesuaren gakoei buruzko eztabaida esparruak sortzea». Horretan kokatzen dute, hain zuzen, beren egitekoa, «bake iraunkor eta justua eskuratzeko denen parte hartzea nahitaezkoa» dela nabarmenduta.

Norabide horretan, abenduko forotik goiti, Baionako unibertsitatearekin elkarlanean «eztabaida-esparru iraunkorra eta denei irekia» eratzeko asmoa dutela ere iragarri zuten Bake Bideko kideek.

Bake prozesu batek berekin dakartzan erronka eta aukerei buruz hausnartzea ez dela gauza erraza onartu zuten. Eztabaidagai izan daitezkeen galdera batzuk pausatu zituzten, adibide gisa: «Zein erronka mota dakar bake prozesu baten planteamenduak? nola gainditu gatazkaren ondorioak? zeintzuk izango lirateke berradiskidetzea erraztuko edo oztopatuko luketen elementuak?».

Dena dela, mugimendu berriaren hitzetan, bada hori guztien aldez aurretiko hitzordu saihestezina: azaroaren 10erako (15.30ean), Herrirak Baionan deitutako manifestazioa, hain justu.

gutxienekoak

Bi estatuek «urrats minimoak» egiteko premia nabarmendu zuen Bake Bideak, batez ere Parisi zuzenduta. Horien artean, preso gaixoak eta kondena beteta dutenak askatzea eta sakabanaketa amaiaraztea.

Euroaginduaren kontrako lanetik, bakea sustatzera

Bake Bidea izena hartu duen mugimendua hainbat eragile politiko eta sozialek batez ere azken bi urteetan egindako elkarlanaren bilakaera da. Esparru eta joera askotarikotik eratorrita, euroaginduaren kontrako borrokan uztartu ziren lehenik. Gerora, gatazka politikoaren konponbide integrala bultzatzeko dinamika bihurtuta, iazko abenduan manifestazio jendetsua antolatu zuen Baionan. Mobilizazioak alderdi politiko, hautetsi, talde eta eragile ugariren atxikimendua izan zuen.

Orain, bake-prozesuaren aldeko gizarte mugimenduan berregituratu da. Aniztasuna lortze aldera, mugimendua «progresiboki zabaltzeko eta ahalik eta esparru gehienen ordezkaritza biltzeko» lan egingo dute.

Oraingoz ondorengoek osatzen dute Bake Bidea: Giza Eskubideen Liga (LDH), Cimade, Anai Artea, Giza Eskubideen Defentsarako Euskal Herriko Batzordea (CDDHPB) eta Etxerat gizarte erakundeak; CFDT-Osasungintza, Solidaires, CGTko kideak eta LAB sindikatuak; PC eta Europe Ecologie-Berdeak alderdietako kideak eta Batasuna, AB eta NPA indar politikoak. Hautetsi asko ere beraiekin «estuki lan egiteko» prest agertu direla adierazi zuten.

Talde horien guztien ordezkariek eta hainbat hautetsik parte hartu zuten atzoko aurkezpenean. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo