GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mendialdean berriro autobus publikoa jartzeko eskatu du Parlamentuak

Berriozarreko Mendialdea ikastetxean garraio publikoa berriro jartzeko eskatu zion atzo Nafarroako Parlamentuak Yolanda Barcinaren Gobernuari. Ikasturte hasieran kendu zuten autobusa eta ordutik mobilizazio ugari egin dituzte Mendialdeako gurasoek.

GARA | IRUÑEA

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak Berriozarreko Mendialdea ikastetxeko ikasleentzat autobus publikoa ezartzeko eskatu zion Yolanda Barcinaren Gobernuari mozio baten bidez. UPNk eta PPk aurka bozkatu zuten arren, mozioa aurrera atera zen PSN, NaBai, Bildu eta I-Eren bozei esker.

Berriozarreko kasuan ez ezik, Gobernuari antzeko egoerak aztertzeko eta ikasleen segurtasunagatik beharrezkoa denean ere garraio publikoa bermatzeko eskatu diote.

Parlamentuan atzo gogoratu zutenez, Mendialdea I eta II ikastetxeetara Berriozarreko erdialdetik abiatzen den garraio publikoa ezabatzea erabaki zuen Hezkuntza Departamenduak ikasturtea hasi baino lehen.

Mendialdea ikastetxea 1970eko hamarkadan sortu zuten, eta egun oso arriskutsua da ikasleentzat etxetik oinez joan behar badute. Izan ere, errepide nagusia den Gipuzkoa etorbidea eta Iruñea eta Altsasu arteko trenbidea zeharkatu behar dute.

Horiek horrela, onarturiko mozioak Mendialdea ikastetxeko garraio publikoa kentzeko arrazoirik ez dagoela adierazten du, eta hori finantzatzea Nafarroako Gobernuari dagokiola nabarmentzen du.

«Hau ez da Nafarroan ematen den kasu bakarra. Eskola-garraioa soilik arrazoi ekonomikoengatik kendu da eta adin txikiko ikasleen segurtasuna arriskuan jartzen da ikastetxeetara doazenean», gaineratzen du mozioak.

Sexu-bazterkeria

UPNren politikaren kontrako mozioa onartu zuen Hezkuntza Batzorde beraren aurrean agerraldia egin zuen atzo bertan Jose Iribas kontseilariak, beste gai polemiko batez aritzeko: sexu-bereizketa egiten duten ikastetxeak diruz laguntzen jarraitzea.

Iribas bereizketa hori egitearen alde azaldu zen eta diru laguntzak ez dituztela kenduko esan zuen, hori argudiatzeko, familia bakoitzak «seme-alabak nola heziko dituen erabakitzeko eskubidea» duela adieraziz.

«Ni ez naiz ez inoren etxean, ez inoren ohean sartuko zer egin behar duen esateko», bota zuen Iribasek. Auzitegi Goren espainolak bereizketa horren aurka eman duen epaiak Nafarroan ez duela eraginik gaineratu zuen Iribasek, Kantabria eta Andaluziako kasuak baitira hor aztergai.

PSN, NaBai, Bildu eta I-E alderdietako eledunek sexu-bereizketa bultzatzen duten ikastetxeak diru publikoz laguntzearen aurka egin zuten. UPNk eta PPk, ordea, Iribasekin bat egin zuten, «hautatzeko askatasunean« oinarrituz.

elkarretaratzea

Mendialdea ikastetxeko gurasoek elkarretaratzea egin zuten atzo Parlamentuko atearen aurrean, Hezkuntza Batzordea bilduta zegoen bitartean. Mobilizazio ugari egin dituzte garraio publikoaren alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo