GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Adostasun pragmatikoa: independentzia bai ala ez

Datorren astelehenean Edinburgon elkarri bostekoa emanda ofizialduko dute David Cameron lehen ministro britainiarrak eta Alex Salmond eskoziarrak Eskoziaren independentziaren gaineko erreferendumari buruzko akordioa. Biei kontzesioak egitea egokitu zaie, biak irabazle egiten dituen akordioa lortzeko. Salmondek made in Scotland erreferenduma nahi zuen, herritarrei zer galdetu, noiz, eta zeintzuk erantzungo luketen erabakitzeko eskubidea bere gain nahi zuen. Eta hala izango da. Cameronek galdera bakarra nahi zuen, esplizitua eta argia, baiezko ala ezezko batekin erantzun beharrekoa. Hortaz, «Eskozia herrialde independente bilakatzea nahi duzu?» galdetuko da. Eskoziako lehen ministroak erreferendumaren gaineko ziurtasun legala nahi zuen eta Westminsterreko Legebiltzarrak ahalmen legal guztiak transferituko dizkio erreferenduma egiteko. Kanpainaren finantzamenduaren gaineko akordiorik oraindik ez dagoen arren, aurreikusitako kronograma betez gero, 2014. urteko urrian eskoziarrek beren herriaren geroa erabakiko dute.

Azpimarratzekoa da, txalotzekoa, elkarrizketa prozesu honetan guztian gailendu den gizalegea eta pragmatismoa. Libreki eta demokratikoki adierazten den herri baten borondatera legezkotasun printzipioa moldatzeko egin den esfortzua. Deigarria suertatzen da, halaber, Estatu espainolak euskal eta katalan nazioekin duen jokabidearekin alderatuz gero. Herri borondatea legearen aurrean makurraraztea, bortxaren erabilerarako mehatxuak, beldurraren eta apokalipsiaren diskurtsoak... heldutasun demokratikoan eta kultura politiko ireki batean bada, bai, gauaren eta egunaren arteko ezberdintasuna. Badute ikusi eta ikasteko ispilu baliagarria.

Mundua Eskoziari begira dago. Euskal Herriari eta Kataluniari bezala. Londresen jokabideak arrastoa utziko du eta Madrilentzat ez da samurra izango iskin egitea. Independentziaren aldeko mugimenduak irekiak, pluralak, eskuzabalak, sakonki europazale eta nazioartekoak dira. Nazio bat, komunitate politiko bat, independentzia artikulatzeari ekiten dionean, etorkizun ausart eta askatzaile bati lotzen zaio. Madrilek ezin gaitu, ez gaitu iraganean bizitzera kondenatuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo