Mikel Zubimendi Kazetaria
Juramentuak libre, Jainko arraioa!
Kristautasuna zentzugabekeria galanta da; teologia oro filosofoen dotrina moral, fikzio poetiko eta kimera bitxiez petatxaturiko asmakizun txarren rapsodia hutsa; eskritura santuak erokeria, disparate eta kontraesanez beteriko fabulak dira; Jesukristok magia ikasi zuen Egipton eta truku horiei mirari deitu zieten; Kristo iruzurgile bat zen eta bere haragitzea txantxa bat da; Moises inoiz izan den artista eta politikari onena izan da; Hirutasun Santuaren misterioa gezurtatzen denbora galtzeak ez du merezi... Thomas Aikenhead-en ahotik atera ziren hitzak dira, blasfemia egitea egotzita duela hiru mende pasatxo Edinburgon urkatu zuten 18 urteko gaztearenak.
Jauna, jauna! Nork ez ditu halako hitzak esan! Altxa dezala eskua juramentuak bota ez dituenak! Kontua, baina, ez da iraganekoa. Film, liburu edo bineta batek dakartzan ondorioak ikusi berri ditugu. Katoliko onek, sikh zintzoek, egiazko judu eta musulman ondraduek, den-denek gauza bera diote: ordaintzen den prezioa ikusita, iritzia emateak iraintzen du, min ematen du, pentsamendu eta adierazpen askatasunak ezin dira libreak izan. Baina egiazki zer esan nahi dute?
Niretzat argi dago: ahoa itxi eta isilik egon. Ama Birjinaren bizitza sexualaz aritzea edo Profeta zazpi zeruetan zehar nola demontre igo zen kuestionatzea edo ebanjelisten jaiotza birjinala txantxatzat hartzea jainkoaren konpintxeak aztoratzen ditu. Ekialdean zein Mendebaldean, igual-igualtsu.
Lehengo egunean, tripetatik «kabendio!» sano eta ozen bat atera zitzaidan txofertzan nindoala. Andra batek, orduan, «musulman bati ez zenioke halakorik esango» bota zidan espaloitik. Eztabaida kurioso bat izan genuen. Edukazio ona zer den eta zer ez den. Hark, Jainkoa errespetatzen ez bada, akabo zibilizazioa; eta nik, norberak esan nahi duena libre ez bada, lehertu dadila dena... Atzo irakurri nuen Nazio Batuetan herrialde andana batek blasfemia nazioarteko legedia penalean jaso eta zorrotz zigortua izateko egin duten proposamena...
Serioa da kontua. Hitzek soilik ez dute inor hiltzen, baina hitzaren beldur direnak, sarriegitan, ankerrenak izan ohi dira.