NEUROZIENTZIA
Achucarro ikerketa zentroak garuna hobeto ezagutzeko mikroskopioa instalatu du
Zamudioko Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroak Leica etxeko punta-puntako mikroskopioa instalatu du, garuneko ehunaren xehetasunak aztertzeko balio duena, difrakzio hesiaren mugen azpitik (50 nanometro), guztiz optikoa den prozesu baten bidez, baita lagin bizidunetan, eta denbora errealean. Teknologia horri esker, bereizmen handiko sekzio optikoak lor daitezke, laginetan sartuz, eta prozesu zelular dinamikoak beha daitezke, eskala nanometrikoan. Horiek horrela, TCS STED CW-SP8 fluoreszentziako mikroskopio fokukoide modernoena da, kitzikapena malguagoa eta zehatzagoa izateko laser zuri batekin hornitua, baita superbereizmen sistema batekin ere, markatze fluoreszente bikoitzarekin lagin batean 70-80 nm-ko tartean egiturazko xehetasunak ebazteko moduan.
Superbereizmeneko beste sistemak ez bezala, STED CWk, lagina eskaneatu eta irudiak aldi berean hartzen ditu, abiadura handian, algoritmo matematikoen bidez irudiak prozesatu beharrik gabe. Horrela, prozesu dinamikoak azter ditzake zelula bizidunen barruan, 100 nm-tik beherako bereizmenarekin. Superbereizmena eta material biziduna konbina ditzakeen lehenengo ekipamendua da EAEn eta horrek aplikagarritasun oso garrantzitsua ematen dio neurobiologia esparruan. Ekipamendu honek bestalde, zientzia arloko profesionalak eta proiektuak zentro honetara erakartzeko balio izango du, baita nazioartean ezagutarazteko ere.