Angeluko Carrefourreko zuzendari ohia enplegatu bat jazartzeagatik zigortu dute
GARA | ANGELU
Baionako Auzitegiak Angeluko Carrefour merkataritza-gune handiko zuzendari ohia zigortu du supermerkatuko sail bateko arduradun bat jazartzeagatik. Gertakariak 2009. eta 2010. urteetan jazo ziren. 49 urteko gizonezkoaren kontra jarrera ankerra izatea egotzita, 5.000 euroko isuna ezarri dio epaileak jazarleari.
Horrez gain, 15.000 euro ere eman beharko dizkio enplegatuari kalte ordainetan.
«Handi-mandien gehiegikeriez defenditzeko» aukera izan duela-eta pozik agertu da egun baliaezintasuna duen langilea.
Besteren artean, auzian frogatuta geratu da merkataritza-guneko zuzendariak egunean laurogei aldiz baino gehiagotan deitzen zuela. «Behin adin batera iritsitakoan, langileekiko antzeko jokamoldeak maiz gertatzen» direla adierazi du enplegatuak, «egoera jasanezina» bihurtzen dela aitortuta.