GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Lehenengoa balitz bezala

Txapelketa hau gogokoena ez badu ere, Asier Olaizolak debutatu zueneko ilusio bera dakar.

p047_f02_199x128.jpg

Jon ORMAZABAL

Bihar Lekunberrin hasiko duena ez da inondik inora jokatuko duen lehen Lau eta Erdiko Txapelketa izango. Are gutxiago, 2000. urtetik, Aspek eta Asegarcek antolatzen dutenetik, 2007. urtekoan eta iazkoan baino ez du hutsik egin Asier Olaizolak gutxien gustatzen zaion txapelketara. Pilotari lehiakorra izanda, enpresaren erabakiz kanpoan geratzea gogorra izan zen, nahiz eta finalean egotea eta txapela ukitzea lortu zuen anaiaren botilero gisa. Dena dela, ekainean, buruz buruko finalaren atarian, jaio ziren Maren eta Amets seme-alaba bikiek indarrak eman izan balizkiote bezala, goizuetarrak aspaldiko joko boladarik onena berreskuratu du azken hilabeteetan eta Mikel Idoateri gauzak zail jartzeko asmoz kantxaratuko da bihar Lekunberrin.

36 urterekin enpresak txapelketa handi batetik kanpo utzi eta gero, azpitik datozen belaunaldi berrien indarrarekin, ez da batere erraza urtebete beranduago aukeratua izatea, baina Asier Olaizolak ez du uste aurtengoa berezia denik berarentzat. «Baina argi dago kirolari guztioi gustatzen zaigula lehian aritzea. Nahiz eta lau eta erdia ez den sekula izan ongien moldatu naizen distantzia, denoi gustatzen zaigu lehiaketa garrantzitsuetan aritzea, udako torneo bat izan edo txapelketa bat izan. Iaz kanpoan geratu nintzen eta aurten pozik nago berriz jokatzeko aukerarekin», azaldu zuen goizuetarrak.

Olaizola anaietan zaharrenak Lau eta Erdiko honi nolabaiteko normaltasuna eman nahi dion arren, bada berezia egiten duen beste zerbait. Izan ere, txapelketa honen finala abenduan jokatuko da, eta hil horren amaieran bukatuko zaio Asegarcerekin lotzen duen kontratua. Argi dago, azken hilabeteetako mailari eutsi eta txapelketa on bat osatzeko gai izateak asko lagunduko liokeela kontratua berritzeko orduan.

Jarraitzeko asmoz

Beragatik balitz, sagardotegian lanik faltako ez litzaiokeen arren, gustura jarraituko luke pilotan, horixe baita oraindik gehien gustatzen zaiona egitea. «Beti esan izan dut bizi guztian egin izan dudan zerbait dela, gainera beti gustatu izan zait zuriz jantzi eta frontoira ateratzea. Betidanik gehien gustatzen zaidana kirola egitea izan da, entrenatzea, prestatzea... Alde horretatik orain dela 16 urte debutatu nueneko ilusio berdina daukat bai entrenatzeko, bai egin behar dena egiteko», azaldu zuen Euskadi Irratian.

Bere etorkizunaren inguruan izan dezakeen zalantza horrek, gainera, ez omen dio aparteko eraginik egiten jokatzerako orduan. «Nahiz eta hiru hilabete geratzen zaizkidan, partidetara orain dela hamasei urte bezala irteten naiz, ilusioz beteta eta disfrutatzeko asmoarekin. Batzuetan sufritzea eta besteetan disfrutatzea tokatzen da, eta garbi daukat azken egunera arte ilusio berberarekin jokatuko dudala, bai jokatzeko eta bai prestatzeko ere. Gero enpresak ikusten badu luzatzeko aukera dagoela, nire aldetik oso gustura, eta kontratua luzatzen badidate, berdina egiten jarraituko nuke, beti bezala tope entrenatzen jarraitu».

Mikel Idoaterentzat ere biharkoa «lehenengoa balitz bezalakoa» izango da, baina aurretik bi partida gogor jokatu behar izan zituen aurreko asteburuan bere enpresaren aurrekanporaketak gainditzeko. «Aurretik bi partida jokatu izanak badu alde onik, txapelketara arerioak baino sartuago iristen zarelako, baina beste aldetik apur bat nekatuta sentitzen naiz. Badut errekuperatzeko astirik, baina bi aurrekanporaketetan tentsio handia egon da eta horrek bere ordaina izaten du, batez ere giharretan», azaldu zuen.

Materialari buruz, txantrearrak azaldu zuen «pilota oso desberdinak» aukeratu zituztela batak eta besteak. «Nik azpitik ibiltzen diren bi gogorragoak hautatu ditut, Asierrek, aldiz, biziagoak eta bote gehiago duten bi hautatu ditu».

Asier Olaizola

Goizuetako aurrelariari abenduan amaituko zaio Asegarcerekin lotzen duen kontratua, eta gustura jarraituko luke beste bolada batez pilotan. «Betidanik gehien gustatu zaidana kirola egitea da».

Mikel Idoate

«Bi aurrekanporaketa jokatu ostean, aurkariak baino sartuago iristen naiz txapelketara, baina beste aldetik apur bat nekatuta nago. Bi partidetan tentsio handia egon zen, eta horrek ordaina izaten du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo