GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

Basagoitik dio berriro babestuko lukeela Lopez López


GARA | MADRIL

Antonio Basagoitik, Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidente eta lehendakarigaiak, 2009an Patxi Lopez lehendakaritzarako babestu izanaz «ez dela damutzen» adierazi zuen atzo, eta gaineratu zuenez, datorren urriaren 21ean bi alderdien artean eserleku nahiko aterako balituzkete, ez luke «inolako arazorik izango Lopezen hautagaitza berriz babesteko» .

«Askoz garrantzitsuagoa da abertzaletasuna gelditzea, Lopezen gobernuak hartutako zenbait erabaki gustukoak izan ez ditugun arren», esan zuen Basagoitik, eta «enbido abertzaleari» aurre egingo diotela gaineratu.

Bide horretan, gogor kritikatu zuen Iñigo Urkullu, eta Kataluniaren egoerarekin lotuz, «Mas presidenteak egindako apustua aise gaindituko du, etorkizunerako bide oker hori aukeratuko duelako», azpimarratu zuen alderdi kontserbadorearen hautagaiak. Bere ustetan, «gure eskuetan dago halako olatu independentista bat geratzea».

«Isileko gehiengoa»

Pasa den irailaren 25ean, Madrilen eginiko manifestazio jendetsuen aurrean, Rajoy Estatu espainoleko presidenteak, «gehiengo isilaren» kontzeptua erabili zuen, horrek bere proiektua babesten zuela esanez.

Basagoitik esaera hori berreskuratu zuen atzo, baina, noski, bere interesen menpe jartzeko. Bere ustez, Euskal Herrian, eta bereziki, EAEn, «bere burua euskaldun eta espainiartzat, biak ala biak, duen gehiengo handia dago, ia %60, eta horiei eskatzen diegu botoa; mugitzeko eskatzen diegu, etxean ez geratzeko, asko baitago jokoan».

Mezu apokaliptiko horrekin jarraituz, lehendakarigai kontserbadoreak «etorkizuna, letra larriz idatzia, dago jokoan datorren urriaren 21ean, eta ez bakarrik euskaldunon etorkizuna, baizik eta Espainia osoarena, gaur ulertzen dugun eran».

Kontraesana badirudi ere, hipotetikoki Lopez babestuko lukeela adierazi eta minutu gutxi batzuetara, Alderdi Popularreko hautagaiak gogor jipoitu zuen PSEk zuzendutako Lakuako gobernua: «Jokoz kanpo dagoen alderdia da, ez dauka egoera honi aurreko egiteko erantzunik, ez dauka profil propiorik eta etsipena baino ez du sortu euskal gizartean».

Eredu horren aurrean, PPren eredua defendatu zuen Basagoitik, sutsuki gainera: «PPk Euskadiren espainiartasuna defendatzen du, eta Espainiako beste lurraldeen `euskotasuna'. Banatzea porrotera bideratzen gaituen proiektua da. Etorkizuna bateratzean datza, duda gabe».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo