HAUSNARKETAK (VI) | URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK
«Boluntarismoak ez du herri honen hizkuntza berreskuratuko»
Herri eragileek indarra dutela dio, baina nahikoa ez dela iritzita, erakundeei, eta bereziki, gobernu berriari, konpromisoak eskatzen dizkio euskararen normalizazioa egia bihurtzeko. Lehendakaria balitz, hizkuntza politika burujaberako eskubidea aitortuko lioke komunitateari.
Oihane LARRETXEA
Inflexio puntua izan al daitezke hauteskundeetako emaitzak euskararen gaineko politikei dagokienez?
Hizkuntza politikek eman beharrekoa eman dute, orain da garaia errotik aldatzeko, iraulketa behar da arlo honetan. Hurrengo Jaurlaritzari lan hori egokituko zaio gure hizkuntzaren berreskurapenaren prozesuan urrats eraginkorrak egin nahi baditugu.
Askotan leporatzen zaigu botila erdi hutsik ikustea, baina esango nuke botila erdi beteta dagoela, eta lortu den gehiena herri eragileei esker lortutakoa dela. Erakutsi dugun arren herri eragileok badugula indarra herria euskalduntzeko, horrek ere goia jo du, eta orain behar dena instituzioak inplikatzea da, arautzen hastea, botilaren beste erdia betetzeko. Boluntarismoak ez du herri honen hizkuntza berreskuratuko.
Boluntarismoak ematen du eta eman egin du, baina hori ez da nahikoa, hizkuntzaren normalizazioa prozesu bikoitza da: prozesu politikoa eta prozesu soziala. Soziala garatu da, eta akatsak egon dira, baina gai izan gara bai hezkuntzan, bai hedabideetan, teknologia berrietan, zientzian, lan munduan gure lana egiteko, baina orain zutabe instituzionala hizkuntzaren berreskurapenaren alde jartzea, haiei dagokie arautzea, eskubideak bermatzeko mekanismoak jartzea. Hori euskalgintzak ezin du egin eta ez dagokio.
Zer egingo dugu gure herrian ezagutzaren unibertsalizazioa lortzeko? Eta bestetik, zer egingo dugu espazioak euskalduntzeko? Elkarlanaren aldekoak gara, baina ez gaude politikoki inor babesteko, ez da gure lana.
Horiek al dira hurrengo lehendakariari plazaratuko zenizkiokeen galderak?
Horiek dira benetako zutabeak. Euskararen unibertsalizazioa eskuratzeko hiru lan ildo daude: transmisioa, hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Transmisioa gauzatzen da, inkesta soziolinguistikoek erakusten dute. Baina hezkuntzan zer gertatzen da? Gaur egun, gure hizkuntzari ofizialtasuna aitortu zitzaionetik 30 urte pasa direnean milaka ikaslek ez dute berezko hizkuntzaren gaitasun egokirik.
Hirugarren zutabeari dagokionez, helduen euskalduntze-alfabetatzea, badirudi belaunaldi berriak euskaldunduz euskaldunduko dugula Euskal Herria. Belaunaldi horiek «galdutzat» ematen ditugula dirudi. Ikaragarria dirudien arren, gure hizkuntza ikasteko jendeak ordaindu egin behar du, alegia, hezkuntzak ez du euskaldundu eta herritar horiek erabaki dute euren burua euskalduntzea, eta ordaindu egin behar dute.
Euskaltegietara eta doakotasunera bueltatuta, etxeetan diru-sarrerak kontu handiz kudeatu behar dira. Horrek min egin al dio euskalduntzeari?
Eragina badauka. Izan ere, EAEn bizitzeko, lan egiteko, euskara jakin behar duzu? Inondik inora. Eta hau ezberdina balitz, gauzak aldatuko lirateke. Motibazio identitarioa sustatu da, eta ikusi behar da euskarak baduela bere balio erantsia, euskara ikasteak badituela bere abantailak, onurak. Behar sozial bat balego horrek ere lagunduko luke, eta horretarako politika egin behar da, politika, politika eta politika.
Gainera, hizkuntzaren berreskurapen prozesuetan denbora aurka doan faktore bat da. Euskalgintzak bere horretan lanean jarraitzen badu, euskaraz biziko den euskal herri bat posible dela sinisten duelako da.
Euskalgintzak determinazioz eusten dio bereari, horregatik, apokaliptikoak bagina, eta benetan pentsatuko bagenu hemen ez dagoela ezer egiterik, ez genituzke proiektu hauek guztiak egingo. Honezkero bada erantzukizunak eskatzeko momentua.
Neurri zehatzak aplikatuko balira, hurrengo hamar urteetan jauzi kualitatiboa egongo litzateke gure hizkuntzaren berrreskurapenaren prozesuan. Borondatea da, beraz, falta dena. Hizkuntza politika beti neurri positiboekin lotzen da, baina ez, gaur egun EAEn kontsumitzaile euskaldunoi eskubideak urratzeko ateak zabaltzea ere erabaki politikoa da.
Maiatzean hitz egin zenuten euskarak bake prozesuan izan beharko lukeen lekuari buruz.
Gatazka horretan hizkuntzarena ere badago, hizkuntzarena ez da elementu exogeno bat, euskarak bizi duen egoera ez dago gatazkatik kanpo. Batzuetan badirudi hori esatea ez dela politikoki zuzena, eta gure hizkuntza hortik atera behar dela, baina hor dago, eta hori ere saihestezina da.
Aieten ere zeharka saiatu ginen gure ekarpena egiten. Ekainean eta uztailean egin genuen alderdi eta sindikatuekin bilera eta esan genien aztertu ditugula beste prozesu batzuk, esaterako Hegoafrikakoa, beste batzuen artean. Horietan guztietan ohartu gara prozesua konponbidean zegoenean hizkuntzak izandako edo emandako garrantziaren arabera horrek eragina izan zuela ondorioetan.
Hegoafrikan hizkuntzarena mataza izan zen. Lortu zen Konstituzioan zazpi edo zortzi hizkuntza ofizial jasotzea, baina prozesua haustear egon zen, ez zelako adostasunik eskuratzen hizkuntzaren eremuan. Azkenean lortu zen. Zer gertatu zen Irlandako Stormonteko akordioan? Agertzen zen hizkuntzari buruzko aipu txiki bat, baina egia da beste gutxieneko bat behar zutela, eta gaur egun arazoak dituzte gutxienekoarekin ere. Askotan ez da bisibilizatu, baina hizkuntzek gatazketan zentralidadea izan dute. Kontua da hori gero ez dela zabaldu. Eta gurean gauza bera.
Denbora aurkako faktorea da.
Argi dago prozesu luze baten aurrean gaudela, baina orain kokatzen ez badugu, gero ez dugu egingo, gero eta zailagoa izango delako. Hemen hitz egin behar badugu eskubide zibil eta politikoez, hiritarrak eskubideen jabe izango diren agertokiaz, urraketarik gabeko eszenatokiaz, gero bakoitzak bere proiektuak izango ditu; noski, ezinbestean mahai gainean jarri behar dira hizkuntza eskubideak.
Katalunian momentu berezi bat bizitzen ari dira. Horrelako uneetan nortasuna, identitatea indartu egiten da, eta honenbestez hizkuntzarena. Nola ikusten duzu?
Katalunian zabaldu den ziklo honetan poztu nauen lehen gauza herri mugimendutik sortu izana da, eta eztabaida kokatu izana kokatu behar den tokian, eta ez alderdiek nahi zuten tokian. Zorionak ematekoa da. Herriak hartu du hitza, eta gero politikariengana joan dira konpromisoak eskatzera.
Ekainean Bartzelonan izan nintzen eta ohartarazi zidaten hurrengo urratsak honakoak izango zirela: itun fiskala, subiranotasun linguistikoa eta subiranotasun kulturala.
Gurean nola egin herritar antolatu masa bat abian jartzeko? Hau da, euskaraz bizi nahi duen eta euskaraz bizitzen hasiko den masa antolatu potente bat martxan jartzeko? Inkestek erakusten dute herritarrak euskararen alde daudela, inork ez du esango gaur egun euskararen kontra dagoenik, beste gauza bat da praktikan zer gertatzen den. «Bai euskarari» kanpaina amaitutakoan «Euskaraz bizi nahi dut» abiarazi genuen «bizitzeak» konpromisoa eskatzen duelako. Euskaldunak ohartzen garenean kolektiboki eta komunitate gisa zer nolako gaitasuna izan dezakegun, benetan diot eta erabat sinistuta nago, gai izango gara herritik politikariengan eta erakundeetan eragiteko.
Hizkuntza eta independentzia aipatu ditugu. Uste duzu euskaltzale izateak independentista izatea dakarrela, edo alderantziz?
Bakoitzak nola bizi duen hartu behar da kontuan, baina niretzat euskara jakitea herri bati, identitate bati lotuta egotea da. Izango dira euskara dakitenak baina inongo loturarik sentitzen ez dutenak. Zaila egiten zait Euskal Herria euskara ez den beste hizkuntza batean ulertzea, bestela nekez izango litzateke Euskal Herria. Independentziak lagunduko lukeen? Ez dakit egun hori iritsiko den edo ez, baina ezin gara zain egon. Izan ere, zein data dauka horrek?
Hala ere, galderara bueltatuz, lehenengoak ez du zertan bigarrena eman. Bigarren kasuan, berriz, logikaz, independentzia nahi duen batek bere herriaren independentzia osoa nahi du, alegia, independentzia politikoa, ekonomikoa eta linguistikoa, baina horrek ez du esan nahi irla bat sortuko duzunik.
Lehendakaria izango bazina, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehenengo erabakia?
Lehenengoa, hizkuntza komunitateari aitortzea hizkuntza politika burujaberako eskubidea, eta bigarrena, nola artikulatu herritarron eta herri mugimendu antolatuaren ahotsa eta ekarpenak sail guztietara.