Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Forki
Musika maite duen irrati esatari bat uhinetatik desagertzen denean John Peelen mamua agertzen zaio, haserre, irrati arduradunen bati munduko edozein bazterretan. Ez da kondaira urbano bat, zoritxarrez, ohikoak bihurtzen ari dira mamuaren agerpenak. Hain ohikoak, badagoela Euskal Herrian ere ikusi duenik, nahiz eta argitara ez eman. Euskaldunon lotsaren zentzu milenarioaren eragina dela esango duzue, baina ziur naiz ez dela horrelakorik, bestela dagoeneko bolada bat tripako min larriz ibili beharko luke Forki irratitik bota duenak, komun batetik 15 metro baino gehiago ezin urrutiraturik.
Justizia poetikoa eta musika onaren defentsa ez dira oso arma eraginkorrak kaleratze bati aurre egiteko. Irrati esatari baten kaleratzea ez da ezer egunero ehunka lagun kalera doazen garai hauetan. Euskarazko musika eta musika anglosaxoiak apal berean kokatu eta konplexurik gabe uztartzeak, bistan da, ez du etekin komertzial handirik ematen. Horietan iaioa izateak, adibidez, ez dio askorako balio izan Forkiri. Ala bai?
Zoritxarrez, irratigintza musikala (salbuespen duinak salbuespen) aurrekozinatutako janaria banatu, murtxikatu eta liseritzeko makina erraldoiaren pareko bihurtu dute eta agerian dago ez dela lekurik artisauentzat; beste irrati molde batetik datoz, beste mundu batetik, nahiz eta zenbakiak irakurrita musika irudikatzen duenik badagoen. Agidanez, ez da hori hainbat irrati mandatariren kasua; hauei musika bost.
Beraz eta Forkirenaren harira, desagertzeko zorian dagoen ofizioa al da musika irrati-esatariarena? Ez dut uste, alderantziz, musikak itota bizi garen garaiotan gero eta garrantzitsuagoa da adituren baten laguntza. Beraz, Forki, badakik, muntatu ezak akademia bat esatari eskolak emateko.