Sortzaileak hizlari, hirugarren «Ahoa bete hots» jardunaldietan
Ahozko ekoizpenean erregistroak erabiltzean sortzen diren zalantzak argitzeko asmoz, hirugarren «Ahoa bete hots» jardunaldiak egingo dira azaroaren 7, 8 eta 9an Villabonako Mintzolan. Ipuin, bertso, kantu eta antzerkiko sortzaileek euren esperientzia partekatuko dute.
A. ARRUTI | VILLABONA
Euskalkiak edo batua, zein erabili behar da haurrei ipuin bat kontatzeko? eta txiste bat kontatzeko edo antzerki obra baterako? Albisteak emateko euskalkiak erabiltzea egokia al da? Galdera horien eta egunerokotasunean ahozko sorkuntzan erabili beharreko erregistroen inguruan hausnartu nahi dute hirugarren «Ahoa bete hots» jardunaldiek. Azaroaren 7tik 9ra egingo dira Villabonako Mintzolan, eta antolakuntzan Bertsozale elkarteak, Kantuzale elkarteak, Antzerkizale elkarteak eta Ipuin Kontalarien taldeak bat egin dute.
Aurten aukeratutako gaia, «Euskalkiak, batua eta erregistroa ahozko kultur sorkuntzan», teorizatzera baino gehiago, esperientzia trukea egitera bideratu dute, atzo Josune Zabalak, Mintzola Fundazioko zuzendariak adierazi zuenez. «Sortzaileak izango ditugu hizlari. Esperientziatik gogoetarako pausoa eman nahi dugulako. Euskararen hizkeran sakondu nahi izan dugu. Batez ere, ahozko genero berezituen alorrean, ahozko jarduna gertatzen denean darabiltzagun erregistro ezberdinak».
Lehenengo eguna antzerkiari lotuta egongo da eta Manex Fuchs, Ainara Gurrutxaga eta Itziar Ituño izango dira hizlari. Bigarrenean, bertsolaritzara begira jarriko dira Xabier Amuriza eta Andoni Egañarekin. Mikel Markezek ere kantaldi-hitzaldia eskainiko du. Azken eguna ipuingintzari eskainiko diote, Pello Añorga, Joxe Mari Karrere eta Koldo Amestoyrekin.
Goizez egingo dira saioak, 09.00etatik 14.00etara, eta egunero mahai-inguruekin emango zaio amaiera jardunaldiari. Izena emateko epea gaur ireki dute hilaren 24ra arte. Informazio guztia www.mintzola.com atarian dago eskuragarri.
Antolatzaileek azpimarratu zuten jardunaldiak ez direla sortzaileentzat soilik. Irakasle, kazetari, aurkezle, bertsolari, teknikari, antzezle, kantari... edo kulturgintzan dabilen orori zuzenduta daude.
Iazko edizioa biltzen duen liburua ere aurkeztu zuten atzo. «Idatziak ahotsa hartzen duenean» izenburupean, sei hitzaldi biltzen ditu. Mintzolan eta Durangoko Azokan izango da salgai.