Hamabi bikote izango dira igandean Seguran lehian, Euskal Herriko Dantza Txapelketan
Igande honetan jokatuko da Seguran XXXVI. Euskal Herriko Dantza Txapelketa. Hamabi bikotek arin-arin eta fandango bana dantzatu beharko dute oholtza gainean 18.00etatik aurrera.
GARA | DONOSTIA
Hamabi bikotek hartuko dute parte 36. Euskal Herriko Dantza Txapelketan. Ohi denez, bikote bakoitzak fandangoa txistuz eta arin-arina trikitiaz dantzatu beharko ditu. Horretarako, Ixilkara txistulari taldeak joko du fandangoa, eta arin-arina, berriz, Joseba Iparragirrek eta Ander San Josek.
Gipuzkoatik zortzi izango dira bikote parte-hartzaileak. Horietatik hiru azpeitiarrak: Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga, Amets Amubieta eta Maialen Aldalur, eta Jon Ibarguren eta Idoia Besada. Azken hauek iazko txapelketan irabazle izan ziren. Beste bi bikote Oiartzundik iritsiko dira: Xanti Leonet eta Izar Etxeberria, eta Eneko Iparragirre eta Udane Eskudero. Amasa-Zizurkildik Beñat Monfort eta Naiara Larrañaga arituko dira, Villabonatik Iker Sanz eta Lierni Kamio, eta Ibarratik Maria Camarero eta Goretti Galarraga.
Bizkaitarrak, berriz, lau bikote izango dira: Trapagarandik Oihan Martinez eta Ibabe Beristain, Leioatik Lander Campos eta Haizea Hormaetxea, Portugaletetik Diego Duran eta Eneritz Manzisidor, eta Sestaotik Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas.
Epaimahaiari dagokionez, dantzen epaile Gabriel Alonso, Izaskun Iturri, Jone Idiazabal, Karlos Sarriegi eta Xabier Mendizabal arituko dira. Jantzi epaileak, berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares izango dira.
Bertaratu ezin duenak, www.eitb.com-en zuzenean jarraitu ahal izango du eta ETB1en 21.45ean errepikatuko dute. Gainera, epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, Kukai dantza taldearen ikuskizuna ikusteko aukera izango da, Jon Mayaren zuzendaritzapean. Bestalde, ETBk atzo jakinarazi zuenez, dantza txapelketaren ibilbidea gogoratzeko erreportajea lantzen hasi dira. «Euskadi Irratia izan zen hasieran Dantza Txapelketaren babeslea. 1994tik aurrera, berriz, emaldia telebistaz eskaintzen hasi ziren. Aurten 18. urtea izango da ETB-1ek txapelketa ematen duela, ikus-entzuleen erantzun ona jasoz», azaldu zuten.
Bilbao Ballet Elkarteak (ABBE) «Euskaldunak eta dantza» 8. gala antolatu du datorren hilaren 26rako. Aurten nazioartean oso ezagunak diren bi euskal dantzarik parte hartuko dute gainera. Alde batetik, Alicia Amatriain donostiarrak Alexander Jonesen laguntzarekin batera John Crankoren bi koreografia eskainiko ditu («Aus Holberg Zeiten» eta «Onegin». Bikote hau Stuttgarteko Balleteko lehen dantzariak dira. Beste aldetik, Mungiako Asier Uriagereka dantzaria Bernice Coppieterekin (Monakoko konpainiako izarra) etorriko zaigu Bilbora. Hauek «Altro canto» obraren zati bat eskainiko dute, Jean-Christophe Mailloten koreografia batekin.
Gainera, «Donostia 1813» balletaren erabateko estreinaldia ikusi ahal izango dugu Euskaldunan.
Emanaldia Euskalduna jauregiko auditoriumean izango da eta sarrerak 10-55 euroren truke eskuratu ahal izango dira, leihatilan, telefonoz (944 310 310) edota BBK kutxazain automatikoen bidez. GARA