Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astean ekintzak prestatuko ditu Nekrogunek
GARA | DONOSTIA
Nekrogune programak ekintza sorta ekarriko du Donostiako kaleetara Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean.
Alde batetik, haurrentzako errealitate alternatiboko joko bat prestatuko dute Tabakalerak antolatzen duen Tranxlan lantegi-laborategian egina. «5 haurrak: The game» jokoan bost umeren arteko sekretua deskrubitu beharko da. Urriaren 15 eta 23 artean jolastu ahal izango da.
Bestalde, asteari hasiera emateko, urriaren 27an Nekrobira egingo dute, hau da, musntroz jantziko dira. Bulebarreko kioskoan elkartuko dira mozorrotutako pertsonak 15.30 eta 19.00 artean eta kalejira egingo dute. Ekimen solidarioa ere bada; izan ere, parte hartu nahi dutenek 2 euro edota janari ez-galkorren bat eraman beharko ditu, elikagai bankura eramateko.
Urriaren 28an, 11.00etan hasita, familia guztiarentzako jinkana bat prestatuko dute. «Olerki galduaren bila» izeneko ekintzan teknologia berriak erabiliz (parte hartu nahi duenak Internet zerbitzua duen sakelako telefonoa eraman beharko du) Alde Zaharrean ezkutatuta dauden zenbait arrasto topatu beharko dituzte partaideek.
Azkenik, «Master of Doom» galdera-lehiaketaren bigarren edizioko finala jokatuko dute urriaren 29an. Sailkapen fasea Beldurrezko Astearen Facebook eta Twitter kontuaren bidez egingo dute.