Aizkora Lehen Mailako finalak
Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelak banatuko dira
Martuteneko eskolako kirolgunean jokatuko da final bat 11.30ean hasita, eta bestea, berriz, Basauriko San Fausto plazan, orduerdi geroago.
Jon LEUNDA
Gipuzkoak eta Bizkaiak maila nagusiko aizkolari txapeldunen izenak ezagutuko dituzte gaur. Final bat Martutenen izango da, bertako eskolako kirolgunean 11.30ean, eta bestea Basaurin jokatuko da, San Fausto plazan, 12.00ean hasita.
Bietan hasten lehena Gipuzkoakoa izango da, eta bertan Olasagasti, Azurmendi, Txapartegi, Mujika eta Otaegi lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Azken geratzen den aizkolariak maila galduko du, eta datorren urtean bere lekua aurten Bigarren Mailan txapela jantzi duen Unai Otañok eskuratuko du.
Joxemari Olasagasti izango da irabazteko faborito nagusietako bat. Igeldokoa urteetan aurrera doan kirolaria da, baina oraindik sasoi betean dago, eta ezeren okerrik ez duela, gaur ere goiko muturrean ikusi ahal izango da igeldoarra.
Iñaki Azurmendi izango da txapela lortzeko beste faborito nagusia. Arriarangoa txapelketak ongi prestatzen dituen aizkolaria da, eta garaipenaren bila joango da. Lehia ederra izan dezake Igeldokoarekin.
Joseba Otaegi mailari eusteko helburuarekin aterako da. Badaki zaila izango duela aurreko biei gaina hartzea, baina horretan ere saiatuko da. Bi faboritoengandik gertu baldin badabil, seinale ona izango da.
Jexuxmari Mujikak ere mailari eusteko helburua ekarriko du. Ibarrakoa beti ongi prestatuta egoten den aizkolaria da, eta honi ere Otaegiren kasu bera gertatzen zaio, bi faboritoengandik gertu ibiltzea izango da beretzat ere seinalerik onena.
Luixmari Txapartegik urte bat Bigarren Mailan pasatu ostean, aurten berriro ere herrialdeko onenekin da, eta hau ere mailari eusteko itxaropen eta asmoarekin plazaratuko da.
Atutxa
Bizkaikoan, berriz, ez da horrelako emoziorik izango, Aitzol Atutxak gainerakoei sekulako aldea kentzen baitie. Bera da Euskal Herrikoan Lehen Mailan dagoen bakarra. Astelehenean bere aitarekin Bizkaiko Binakakoa irabazi zuen.
Berarekin batera, Mendieta, Zelai, Irazabal, Garitaonaindia eta Garcia neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako, eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu beharko ditu. Gipuzkoakoarekin alderatuta, bi 60 ontzako gutxiago ebaki beharko dituzte.
Zerbait gertatu ezean, lehen postua nahiko garbi dago, eta badirudi emozioa hortik atzera egongo dela. Irazabal eta Mendieta dira podiuma osatzeko beste bi faboritoak.
Olasagasti, Azurmendi, Mujika, Otaegi eta Txapartegi lehiatuko dira Gipuzkoako finalean, eta Atutxa, Irazabal, Mendieta, Garitaonaindia, Zelai eta Garcia, Bizkaikoan.
Martuteneko finalean, aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko moztuko ditu, eta Basaurin lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko.