GARA > Idatzia > Kultura

Euskal kostaldean bizia galdu zutenei, omenaldia museoan

«Naufragioak euskal kostaldean» Donostiako Untzi Museoko erakusketak azken mendeetan gure itsasertzean gertatutako istripurik esanguratsuenak biltzen ditu dokumentu eta irudi sorta batean. Aitzakia 1912. urteko galernan izan ziren hondoratzeak badira ere, istripuak sortu dituzten ekaitz ugari izan dira Euskal Herriko historian.
p050_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostiako Untzi Museoak historian zehar euskal kostaldean izandako ontzi istripuetako naufragoak oroitzeko erakusketa jarri du martxan, azaroaren 30ra arte. Ehun urte bete dira aurten historiako hondoratzerik ospetsuena gertatu zenetik, «Titanic» ontziarena, alegia, baina gure ingurura begiratuz gero, baditugu beste istripu garrantzitsu batzuk. 1912an Kantauriko kostaldea hankaz gora jarri zuen galernak, adibidez, ehungarren urteurrena betetzen du aurten.

«Naufragioak euskal kostaldean» erakusketan gure itsasertzean XII. eta XX. mendeen artean gertatutako istripu esanguratsuenen berri ematen du, 1607an Bidarten Antonio Oquendo jeneralaren flotako 4 galeoiren hondoratzetik hasita, non 800 gizon hil ziren. Jose Maria Unsain museoaren zuzendariak azaldu zuenez, euskal kostaldean izandako istripuetara mugatu dira soilik, itsaso zabalean euskal itsasontziek izandako istripuak kontuan izanez gero erakusketa erraldoia izango litzatekeelako.

Naufragioak arrantzaleen bizimoduaren parte ziren. Arriskatu egin behar zuten arrakasta izateko. Baina naufragoekin batera, salbamendu taldeak ere omendu nahi dituzte erakusketarekin. Izan ere, Jose Mari Zubia Mari zumaiarra salbamenduan ibilitako pertsonen artean munduan monumentu bat duen bakarretakoa omen da. Itsas museotik oso gertu dago berari eskainitako oroigarria, Donostiako kaian, museoa bera baitzen itsas-salbamendurako erabiltzen zuten eraikina eta, beraz, bertan gordetzen zuten materiala. «Hori jakitea ohore bat da guretzat», adierazi zuen Unsainek.

Erakusketa hau aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa izan dute beste eragile batzuen laguntza. Adibidez, Kutxak zenbait argazki utzi dizkie, eta 1912ko galernari buruzko datuak Bermeoko Arrantzaleen Museotik eskuratu dituzte. Itsasoan hildakoen familiek ere euren ekarpenak egin dituzte.

Itsasoaren indar geldiezina

Erakusketa osotasunean ikusi behar bada ere, badaude azpimarratzeko zenbait dokumentu. Horietako bat da «Felisa» bergantinaren hondoratzearen koadroa (Laureano Gordon). Margolan txiki honek Kontxako hondartzan izan ziren istripuetan ospetsuena irudikatzen du. Tamainaz xumea bada ere, kolore eta xehetasunei esker argi ikusten da zer gertatu zen: hondoratzen ari den itsasontzi bat ageri da, sarraski bat izaten ari da donostiarrek ezin dutelako marinelak salbatzeko ezer egin. Istripu honen ostean, salbamendurako tresnak hobetzeko ahaleginak egin ziren Donostian. Lantxa berriak diseinatu zituzten (planoak Untzi Museoan daude ikusgai) eta barkuei estalkia jarri zieten.

Itsasoaren indarra ezin da gelditu, ordea, eta ordutik beste ekaitz gogor asko izan dira. Aipagarriena duela ehun urte gertatu zena da. Ziklogenesi lehergarri batek sekulako galerna sortu zuen abuztuaren 12 eta 13 artean. Hamarka arrantzale galdu ziren itsasoan, gehienak bermeotarrak, orotara 143 pertsona.

Hortik aurrera ere gertatu izan dira beste ezbehar asko itsasoan. 1961eko galernan, esaterako, 20 arrantza-ontzi baino gehiago desagertu ziren Higer lurmuturraren eta Finisterreren artean. Horien artean zegoen Donostiako «Mirentxu» ontzia eta bertan zihoazen 12 marinelak hil ziren.

Istripu horren irudi oso gutxi daude, baina badaude pare bat dokumentu berari eskainiak, iaz 50. urteurrena bete zuelako eta, 1912ko galernari bezain besteko garrantzia eman ez bazitzaion ere, euskal kostaldeko istripurik larrienetako bat izan zelako, oraindik ere oso gertu duguna.

Erakusketa 1996ko hondoratze batekin amaitzen da. «Frans Hals» itsasontzia Bilbora desegitera zeramatela Biarritzeko Hotel du Palais hotelaren parean hondoratu zen. Zorionez, ez zen ezer gertatu, baina honelako ontzi erraldoi bat hondartzaren alboan ikusteak harridura sortu zuen behintzat.

Azkenean, berriz itsasoratu zuten eta itsaso sakonean hondoratu zuten. Itsasontzi honek urte mordoxka egin zuen ur gainean, eta Bilbon hil beharrean ur gazi artean aurkitu zuen hilobia. Gainerako istripuetako itsasontzi eta marinelek ez zuten hainbesteko zortea izan.

SORGINKERIA

Antzina uste zuten hondoratze bat gertatzen zenean sorginkeriaren eragina zela. Bidarten gertatutako istripua Maria de Zozayari egotzi zioten, sorgina zela esaten baitzuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo