Mikel Jauregi Kazetaria
«Zu gabe, haiek irabazten dute»
Nire gaztaro (gazteago) hartako errealitatean oso ohikoa zen «gurea» hitza baliatzea «gugandik» ideologikoki gertu zegoen -edo zegoela uste genuen- hura identifikatzeko. Alegia, Joxinixio izan zitekeen txikia, garaia, meharra, lodia, itsusia, ederra, burusoiltzen hasia, tximaduna, jatorra, kabroia, sudurluzea, betaurrekoduna, futbolzalea, inozoa, lotsagabea, unibertsitarioa edo mekanikaria, baina horri guztiari «gurea duk» edo «ez duk gurea» (eta berdintsu zuen «norena-zerena» zen) gehitzen zitzaion definitzeko ezaugarri modura. Horrekin biribiltzen zen erretratua.
Eskema hori ez nuen «gurearengana» hurreratzeko edota «gurea ez zena» uxatzeko arrazoitzat baliatzen, batera edo bestera egiten laguntzen zuen arren. Banituen lagun handiak «gureak ez» zirenak, eta baziren «gureen» artean urrutira ere ikusi ezin nituenak.
San Tiburtzio jai batzuetan galdu zuen balio osoa «gure» eta «ez gure» banaketa horrek, Nafarroako iparraldeko herri bateko taberna bateko komunaren atarian. Gaua atzean geratua zen, aspaldi samar argituta. Lagun bat eta biok barrukoa noiz aterako zain ginen gazte bat arrapaladan iritsi zenean. Gure beharraren eta hark zuenaren lehentasunaren gainean eztabaida piztu zen, gure aurretik sartzeko baimena eskatu zigunean eta geuk ezezkoa eman genionean. Halako batean, lepokotik heldu eta «baina... hi gurea haiz-eta» bota zidan. Akabo hantxe eskema soil hura.
Parrandaren eta taberna bateko komunaren klandestinitatean izandako ika-mika klandestino harekin zerikusirik ez duen hauteskunde kanpainako lelo batek gogorarazi dit «gureen» auzia. «Zu gabe, haiek irabazten dute», dio.
Ez dakit -batzuei gertatu zaien modura- aztoratzekoa, arduratzekoa edo haserretzekoa den Alderdi Popularrak aukeratu duen esaldi potolo hori, baina niri galdera bat etortzen zait afixetan eta gainerako euskarrietan ikusten dudanean: independentziaren aldeko hautagaitzaren batek aukeratu izan balu lelo hori, zer ez zuten esango kaio urdinduek?