Finantzaketa bide berrien bila, Azokide kanpaina abiatu du Durangoko Azokak
GARA | DURANGO
Abenduaren 6tik 9ra ospatuko den Durangoko Azokak, diru-iturri berriak topatze aldera, Azokide kanpaina jarri du martxan. «Euskal kultur sorkuntzaren topaketa erreferentzialenak aurrera egiten jarraitzeko finantza iturri eta babes berriak behar ditu», azaldu zuten atzo antolatzaileek. «Ohiko babesleetatik aparte, beste era batera ekarpenak gorpuzteko» helburuarekin abiatu dela Azokide azaldu zuen Aiert Goenaga Azokako zuzendariak eta «premia bati erantzuna» ematen diola. Antolatzaileen esanetan, hainbat eta hainbat enpresa daude euren ekarpena egiteko, prestasuna izanda ere, berau egiteko modu egokirik ikusi izan ez dutenak, horretarako modu ofizialik ez zegoelako edo haien ekarpenak bueltan inolako errekonozimendurik ez zuelako.
Goenagak «sozializazio kanpaina» gisa aurkeztu zuen. Merkatari, tabernari eta enpresei «Azokide ziurtagiriarekin gure kulturgintzaren sostengu den ekimen nagusiari laguntzeaz gain, erakutsitako babes horrek bueltakoa izango du», esan zuen, eta Azokideak Azokan bertan laguntzaileen horma nagusian agertuko dira, toki propioarekin.
Babesle bakoitzak bere ahalmenaren arabera egin ahal izango du ekarpena. Atxikimendu hori erakusteko, gainera, komertzio, taberna zein enpresan bertan erakutsi ahalko den euskarri bereizgarria izango dute.