Arrisku Bereziko Zergadunen Errolda onartuko du Diputazioak
Oposizioak eskatutako Lege Aholkularitza Batzordearen txostena ezagutu ostean eta berme guztiak mahai gainean jarrita, Arrisku Bereziko Zergadunen Errolda sortzeko foru araua onartuko du Diputazioak eta Batzar Nagusietan aurkeztu ondoren, prozedura urgentziaz egin dadin eskatuko du. Txostenak dio errolda iruzurraren aurkako tresna aproposa izango dela.
Iraia OIARZABLAL | DONOSTIA
Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak asteartean onartuko du Arrisku Bereziko Zergadunen Errolda osatzeko foru araua. Maiatzean abiatu zuen prozedura Ogasun Departamentuak, baina oposizioko taldeek, arauaren inguruko berme gehiago ezagutu nahian, Lege Aholkularitzako Batzordearen txostena eskatu zuten. Diputazioak aste honetan jaso du txostena, eta aholkularien oniritzia jasota, foru araua onartzeari ekingo dio aste honetan, ondoren Batzar Nagusietan aurkezteko.
Diputazioko sei legelari nagusiek osatutako Aholkularitza Batzordearen ondorioak aurkeztu zituen atzo Gipuzkoako Ogasun zuzendari Xabier Olanok, EAEko legebiltzarrerako hauteskundeetan Ekonomia eta Ogasun sailburu kargurako EH Bilduren hautagai ere badenak. Txostena publiko egin aurretik, Batzar Nagusietan aurkeztuko dutela jakinarazi zuen. Halere, jasotzen dituen puntu garrantzitsuenak jakitera eman zituen Donostian egindako agerraldian.
Olanok azaldu zuenez, Aholkularitza Batzordeak arrisku bereziko zergadunen errolda sortzea aproposa dela ondorioztatu du. Errolda hori arrisku irizpide objektiboen arabera sortu behar dela diote aholkulariek eta iruzurraren aurkako tresna baliagarria izango dela gaineratu dute. Ildo horretan, Ogasun Departamentuak agintaldi honetan abiatutako politika indartuko duela uste du batzordeak.
Era beren, zenbait «ñabardura tekniko» gehitzeko proposamena egin dute aholkulariek. Iradokizun horiek foru arauaren testuan gehitu dituztela adierazi zuen Olanok, eta hortaz, Diputatuen Kontseiluan onartzea izango da hurrengo urratsa. Zehazki, datorren asteartean emango diote oniritzia. Hurrengo egunetan, Batzar Nagusietan aurkeztuko dute.
«Mamu gehiegi»
Olano pozik agertu zen txostenaren ondorioekin eta «aholkularien iritziarekin aberastuta eta hobetuta» dagoela gaineratu zuen. Ildo horretan, Aholkularitza Batzordearen txostena Batzar Nagusiek eskatu zutela ekarri zuen gogora, eta txostena jasota, berme guztiak mahai gainean daudela azpimarratu zuen. Txostenaren eskaerak, lege araua onartzeko prozedura atzeratu duela-eta, Batzar Nagusietako prozedura urgentziaz egin dadin eskatuko dutela jakinarazi zuen Olanok.
Beraz, batzarkideen oniritzia jasotzea falta da orain. Oposizioak hasieran aurkeztutako zalantzen harira, «mamu gehiegi aurreikusi» zituztela uste du Olanok. Izan ere, PSE, PP eta EAJko batzarkideek ez zuten argi ikusten erroldaren sorrera, zergadunen eskubideak urratu zitzakeelakoan eta «zerrenda beltz» gisa definitu zuten.
Orain, aholkularien bermea jasota, Olanoren ustez ez da arazorik egongo foru arauaren onarpenean eta 2013. urte hasiera baino lehen indarrean egotea espero du, «tresna hau eraginkorra izango delako iruzurraren aurkako borrokan».
Gipuzkoan irailera arte izandako zerga bilketaren %2,1eko jaitsiera dela-eta, zenbait adierazle nabarmendu nahi izan zituen Olanok. Zuzeneko zergei erreparatuz gero, Gipuzkoak «oso portaera ona» erakusten duela azpimarratu zuen, %4,5eko igoerarekin. Igoera horren arrazoi nagusiak bi direla azaldu zuen. Batetik, ondarearen gaineko zerga berrezarri izana. Bestetik, langileen errenta atxikipenek ez dutela behera egin. Hau da, gipuzkoarrek euren soldatak jasotzean, aurreko urtekoaren adina edo gehiago jaso dutela esan nahi du horrek. Ondorioz, lan atxikipenek gora egin dute %0,7 batean, eta halako igoera bat Gipuzkoan bakarrik gertatu dela nabarmendu zuen. I.O.