GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Maite ditugulako» lanak euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen du

Behatokiak dokumental berri bat aurkeztu du «Duintasun bideak» bildumaren barrenean. «Maite ditugulako» izena du eta Nafarroa hegoaldeko hainbat herritarrek seme-alabek D ereduan ikastea nahi dutelako sufritzen duten diskriminazioa azaltzen du.

GARA | IRUÑEA

Orain dela 25 urte onartutako Vascuencearen Legeak beren herria eremu «ez-euskaldunean» dagoela erraten duela-eta, Larragako, Artaxoako, Mendigorriko eta Nafarroa hegoaldeko bertze toki batzuetako haurrek ezin dute euskaraz herrian bertan ikasi. 1.400 ikasle baino gehiagok egunero atera behar dute errepidera, baita hiru edo lau urte soilik badituzte ere, eta bost milioi kilometrotik gora egin behar dituzte ikasturtean. Ilargira hamahiru bidaia egitearen pareko distantzia.

Egoera hau, «diskriminazio eta eskubide urraketa hau» agertu eta salatzen du Behatokiak atzo Iruñean aurkeztu zuen «Maite ditugulako» dokumentalak, ikastolara zihoala auto istripuz hil zen Adrian Marturet sei urteko mutikoa oroitzearekin batera. Ikus-entzunezko honetan, guraso batzuek parte hartzen dute, Artaxoako Argi Rus-ek eta Mendigorriko Lurdes Mendibilek, adibidez. «Gure seme-alabek urtero milaka kilometro egin behar dituzte gure auzokideek beren seme-alabak, oinez, lasai-lasai etxe ondoko eskolara eraman ditzaketen bitartean. Zergatik? Ba gure seme-alabek hizkuntza bat ez, bi ikastea nahi dugulako, gaztelania ez ezik, Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ere ikastea nahi dugulako», adierazi zuen Rusek dokumentalaren emanaldiaren ondoren.

Herritarren babesa

Artaxoan bakar-bakarrik sentitu izan dela aitortzen du Argik bideoan, baina lehendabiziko besta bertan egin zutenean jende anitz bildu zen, ama honek espero baino gehiago. Hunkitu egin zen herritar ugari eurekin zeudela sentituta.

Mendigorriko Lurdes Mendibil bat etorri zen eta herrikide eta auzokideen aldetik elkartasun handia jasotzen dutela eta hagitz babestuak sentitzen direla nabarmendu zuen: «Bidaiak ordaintzeko-eta hainbat ekimen eta jaialdi antolatu dugu eta guzti-guztietan herrikideen laguntza handia izan dugu eta parte-hartzea ere uste baino zabalagoa izan da». Aldiz, salatu zuenez, agintariengandik ez dute babes bera jaso. Aurten, gainera, jasotzen zuten diru laguntza «eskasa» ere kendu egin die Nafarroako Gobernuak eta hilabetean ordaintzen dituzten 600 euroak beren poltsikotik ordaindu beharko dituzte.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Garbiñe Petriatik, nafar guztiek eskubide berak dituztela azpimarratu zuen, eta Nafarroan legea bera dela eskubide berdintasun hori urratzen duena ohartarazi. Salaketa egitearekin batera, irtenbideak exijitu zizkioten Nafarroako Gobernuari.

interneten

Eskubide urraketak bideo bidez azaltzen segituko dutela iragarri du Behatokiak. Aurrez egindako lanak eta «Maite ditugulako» dokumentala vimeopro.com/duintasun/bideak atarian ikus daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo