GARA > Idatzia > Euskal Herria

Durangon San Fausto egun handia gaur, eta programa alternatibo herrikoia prest

Durangoko Txosna Batzordeak egitarau alternatibo herrikoia prestatu du aurtengo San Fausto jaietarako: kuadrillen arteko txapelketak, kale animazioa eta kontzertuak. Ekitaldi gehienak txosnetan egitekoak.

p025_f02_149x113.jpg

Jon ADAN | DURANGO

Herenegun, txosnagunean Bilgune Feministak botatako txupinazoak eman zien hasiera hurrengo igandera arte, urriak 21era arte iraungo duten Durangoko San Fausto jaiei. Gaur, San Fausto egun handia dute herrian, eta goizean, 11.00etan, urtero legez, paella txapelketa egingo dute. «Herriko kuadrilla eta herritarren artean, iaz, 600 lagun inguru bildu ziren txosnagunean, paellak prestatu eta bazkaltzeko». Jose Alfaro, Durangoko Txosna Batzordeko kidearen hitzak dira. Bada, ondoren, 15.00etan, herri bazkaria izango da txosnagunean.

Sabela beteta, 17.30ean eta Tabiratik abiatuta, erreka jaitsiera egingo dute Durangon, «25 urte daramatzagu ekitaldi honekin; kuadrilla bakoitzak eraikitzen dituen txalupekin Durangoko erreka zeharkatzea da helburua», azaldu digu Alfarok. San Fausto eguna amaitzeko, 22.30ean, Zarraparra, Kruders eta Gozo-gozo taldeek joko dute txosnagunean.

Biharko, bestalde, bi ekimen prestatu dituzte Txosna Batzordeko kideek. 16.30ean, txosnagunean, umeentzako pailazoen ikuskizuna; eta 18.00etan, Naica eta Johnny & Joseph taldeen kontzertuak. Hurrengo ostiralera arte Txosna Batzordeko kideek ez dute ekitaldirik antolatu.

Aste barruan indarrak berritu eta gero, urriaren 19rako, ostirala, hainbat ekimen antolatu ditu Txosna Batzordeak, jaien bigarren asteburuari ongietorria emanez. Jose Alfarok nabarmendu du, 18.00etan, txosnagunean egingo duten tortilla txapelketa: «Oso giro polita egoten da; iaz, kuadrillek zein herritarrek 22 tortilla aurkeztu zituzten». Gauean, Kilauea, Las Culebras, eta Nuevo Catecismo Catolico taldeek kontzertua eskainiko dute txosnetan.

Larunbatean, urriaren 20an, gazte eta mozorro eguna ospatuko dute Durangon. «Egun honetan ohitura da jendea, gai zehatz baten inguruan mozorrotzea; aurtengo gaia, zinema da», azaldu du Alfarok. Eguna, 13.00etan, gazte poteo animatuarekin hasi, eta ondoren gazte bazkaria egingo dute txosnetan.

Olinpiadak eta desfilea

Arratsalderako, eguneko bi ekitaldi nagusiak antolatu dituzte, txosnagunean. 17.00etan, kuadrillen arteko olinpiadak , «bosnaka parte hartzen dute, eta aurten jokoetan zenbait sorpresa izango dira», iragarri du Alfarok. 20.00etarako aldiz, mozorro desfilea eta sari banaketa antolatu dituzte. Ondoren, alde zaharretik abiatuta elektrotxaranga ibiliko da, eta 22.30ean, eguna bukatzeko, txosnetan, Afu eta Luhartz taldeek erromeria eta kontzertua eskainiko dute.

Jose Alfarok jendeari dei egin dio Durangora hurbiltzera: «Laster negua dator eta urtean ospatzen diren herrietako azken festez gozatzera animatzen dugu jendea». Halaber, Durangoko Txosna Batzordea aurten ere jai koloretsu eta parte hartzaileak egiten saiatu dela nabarmendu du, «herritik eta herriarentzat eginak». Bestalde, eta aurten berritasun nagusi moduan, txosnak lekuz aldatuko dituztela jakinarazi du, «Kurutziaga kalean kokatuta, bost txosna eta lau karpa egongo dira, eta 850 metro karratu estalpean izango dira». Barrakak aldiz, San Fausto auzoan kokatuko dira.

TXOSNAGUNEA

Aurten, berrikuntza nagusi moduan, Kurutziaga kalean egongo dira txosnak, alde zaharretik hurbil. Bertan bost txosna eta lau karpa jarri dituzte. Eguraldi txarra eginez gero, 850 metro karratu estalpean egongo dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo