Unionisten eta patronalaren engainuak
Alderdi unionistek euskal gizarte segurantza publikoaren ustezko bideragarritasunik eza Euskal Herriaren independentziaren aurkako argudio gisa erabiltzen dute hitzetik hortzera Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hauteskunde kanpainan, euskal pentsiodunengan beldurra eragiteko asmo argiarekin, elektoralismo merkeenean erorita. Izan ere, ez dute «argudio» hori sostenga dezakeen datu bakar bat ere eskaini. LAB sindikatuak, aldiz, PSEren eta PPren jarrera hori salatu zuen atzo, euskal gizarte segurantza publikoa bideragarria ez ezik, beharrezkoa ere badela esanez, baina haiek ez bezala, datuak, zenbakiak, aurkeztuz. Gobernu batez arduratzeko asmoa duten, orain arte -zuzenki edo sostengua emanez- ardura hori izan duten alderdiek gutxieneko zorroztasuna erakutsi beharko lukete. Eta, batez ere, hautesleak engainatzen saiatu gabe.
Gauza bera exijitu behar zaie enpresaburuen elkarteei eta Euskal Herrian lan kostuak oso handiak diren aitzakian lehiakortasuna areagotzeko soldatak murriztea aldarrikatzen dutenei. Beste euskal sindikatu batek, ELAk, hain zuzen, agerian utzi du faltsukeria hori, Euskal Herrian lan kostuak eurogunekoen batez bestekoa baino txikiagoak direla erakusten duen txosten baten bidez. Engainu onartezin eta larria da, etekina handitzeko, hainbeste herritar gogor kolpatzen ari den krisi egoeraz baliatzea.