GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Finalak

Joseba Otaegik eman du ezustea Gipuzkoako Txapelketan

Aitzol Atutxak inongo eragozpenik gabe jantzi zuen Bizkaiko txapela, gainerakoei alde handia kenduta.

p046_f01_199x108.jpg

Jon LEUNDA

Joseba Otaegik eta Aitzol Atutxak irabazi zituzten atzo Gipuzkoako eta Bizkaiko Lehen Mailako finalak. Atutxaren garaipena normaltzat jo daiteke, beraren eta besteen artean alde handia dagoelako, baina Otaegiren kasuan ezustea izan zen.

Jende asko batu zen Martutenen Gipuzkoako finala zuzenean ikusteko. Bost aizkolari aritu ziren lehian, eta bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako, eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen.

Azurmendi eta Olasagasti ziren garaipena lortzeko faboritoak, baina txapela Otaegik eraman zuen. Olasagasti izan zen azkarrena hasieran, baina hortik aurrera Azurmendi eta Otaegi hasi ziren aurre hartzen, eta ia amaierara arte oso lehia ederra izan zuten biek. Azkenean, ordea, 29 segundoko aldea kendu zion Zizurkilgoak Arriarangoari. Mujikak ere oso lan ona egin zuen, atzetik aurrera egin baitzuen, eta podiuma osatu zuen. Olasagasti geratu zen laugarren, eta azkena Txapartegi. Aizarnako aizkolariak maila galdu zuen. Iaz lortu zuen onenen artera heltzea, eta datorren urtean berriro ere Bigarren Mailan lehiatu beharko du. Bere lekua aurten Bigarren Mailan txapela jantzi duen Otañok beteko du.

Aurretik erabakita

Bizkaiko finala hasi aurretik erabakita zegoen. Aitzol Atutxak sekulako aldea kentzen die gainerako aizkolariei. Bera da herrialde horretan Lehen Mailan dagoen aizkolari bakarra, eta gainerakoak Hirugarren Mailan daude. Baina ez da dena hori, Atxutxa, egun dagoen aizkolaririk onenetakoa da, iaz bosgarren izan zen Euskal Herriko Lehen Mailako finalean, beraz, hori kontuan hartuta, gauzak nahiko garbi zeuden, eta garaipena lortzeko ez zuen inongo arazorik izan. Lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo