giza-proba
Lau talderekin jokatuko da Zizurkilen herrialdeko finala
J.L.
Taldekako giza-probako finala jokatuko da bihar 18.00etan Zizurkilgo plazan. Bertan, Aiztondo, Orio, Urretxu eta Berrobi neurtuko dira.
Talde bakoitza zortzi lagunez osatuta joango da, eta 900 kilotik 1.000 kilora bitarteko harria erabiliko dute. Pisaketa 17.00etan egingo da, eta 660 kilotik pasatzen badira, kiloko bi kiloko zakua erantsiko zaie.
Talde bakoitzak ordu erdiko lana egin beharko du, eta bi talde batera arituko dira lanean. Horrela, ordu laurdena betetzen denean, talde bakoitzak harria aldatuko du bestearekin, eta horrela talde guztiek harri denekin aritu beharko dute.
Harriak lurrean arrastaka joan behar du, ezin dute airean atera. Plaza erdian, gainera, soka bat egongo da, kalea banatzeko, eta eremu horren barruan aritu beharko du lanean talde bakoitzak.
Ikusmin ikaragarria piztu du final honek. Taldekako giza-proba modan jarrita dago. Gazte jende asko dabil kirol hau egiten, eta horrek gazte jende asko eramaten du plazetara, eta bihar Zizurkilen izango diren taldeek ere jarraitzaile asko eramango dituzte.
Faboritoak aipatzerakoan ez da lan erraza, eta taldeek ere horrela uste dute. Oriok irabazi zuen pasa den urtean, eta badirudi aurten ere beraiek izan daitezkeela faborito, baina betiere pasa den urtekoa kontuan hartuta.
Hala ere, ez dirudi taldeen artean alde handirik dagoenik, eta ikuskizuna segurtatuta izango dute. Lanerako, gainera, giro aproposa izango dela dirudi, izan ere, kanporaketan bero handi samarra egin zuen.
Eskarmentuaren aldetik, Urretxu izan daiteke gehien izan dezakeena, Zumarragan hasieran hasi ziren lehiaketa haietan parte hartzen baitzuen Zumarragaren aurka.
Finala behar bezala eta ongi ikusi nahi duenari goiz joateko gomendioa egiten zaio, lekua behar den lekuan hartzeko, bestela ikusteko toki onik ez baita izango.