Floren Aoiz www.elomendia.com
Independentzia giroan
Garrantzitsuena norabidea da. Erritmoak, formulak, bideak eztabaidatu eta adostu daitezke, borondaterik agertuz gero, baina oinarria zerumugan datza. Norantz goaz? Norantz joan nahi dugu?
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen duten esparruko hauteskundeetan, aurrekoetan ez bezala, protagonismo berezia hartu du independentziak. Aunitz dira honen arrazoiak, batzuk kanpotik datozenak, Eskoziatik edo Kataluniatik, batez ere. Ez dira nolanahikoak, independentziaren aldeko mugimenduen indartzeaz gain, bideragarritasunaren gaia mahai gainean jarri delako, hainbat mito eta tabu hautsiz.
Eskozian, esaterako, erabakitzeko aukera gauzatzeko egutegiak independentziari orain arte ez zuen irudia eskaini dio.
Katalunian, berriz, mobilizazio eta giro sozial eta politikoek estatua osatzeko borondatearen berri ematen digute, nahiz eta egoera hori Principat-en baino ez den ikusten, aski ezberdina baita beste herrialde katalanetako egoera.
Nabarmena da leku horietatik iritsitako olatuek indartu dutela bertako independentismoa. Bi estatuekin lehiatzen den herri batendako nazioarteko erreferenteak oso garrantzitsuak dira, bakardadearen pertzepzioa gainditzen laguntzen dutelako.
Espainiar eta frantziar estatuei gertatzen zaienaren kontrakoa. Haiendako, prozesu hauek oso kezkagarriak dira, sezesioaren aukera mahai gainean jartzen dutelako. Ederki dakitenez, Eskoziak hurrengo urteetan estatu propioa osatzen baldin badu, egoera errotik aldatuko da. Areago, lortuko ez balu ere, herri kontsulta demokratikoaren aurrekariak eragin zuzena izanen du Europako estaturik gabeko herriengan.
Edonola ere, kanpotik datorren arrazoirik handiena Estatu espainolak berak ekarria da. Gaur egun espainiar erresumaren egoera sozioekonomikoa eta itxikeria ideologiko eta politikoa dira euskal independentismoa indartzen ari diren joera nagusiak.
Espainiak maila guzietan hondoratzen gaitu. Halaxe pentsatzen du gero eta jende gehiagok. Aspaldiko mugak hautsi eta gaur egun independentismoa abertzaletasunaren mugak gainditu eta jendarteko esparru askotara zabaldu da. Espainiak eta Frantziak eskaintzen diguten iluntasunaren aurrean, Euskal Herri independentearen egitasmoak argi izpia proposatzen du. Burbuilarik gabeko estatu berria, demokratikoa, aurreratua, justuagoa, gure nortasunari, hizkuntzari, kulturari eta oinarrizko eskubideei erreparatzen diena. Herritar gehienendako egungo menpekotasun egoera baino askoz ere hobea izanen dena. Euskal errepublika.
Independentziaren zerumugaren aurrean, estatutuen berritzea, soberania partekatzeko edo bestelako bide errepikakorrak aski agortuta daude. Independentziara iristeko urrats zehatzak egin behar dira, jakina, afera ez baita antsietateak jota itotzea, aurrera joatea baizik. Horretarako estrategia emankorra behar da, agertoki berriak ekartzeko gai izan behar dena. Besteak beste, subjektu nazionalaren gaur egungo zatiketari aurre eginen diona.
Baina garrantzitsuena norabidea da. Erritmoak, formulak, bideak eztabaidatu eta adostu daitezke, borondaterik agertuz gero, baina oinarria zerumugan datza. Norantz goaz? Norantz joan nahi dugu? Hauxe da hauteskunde hauetako galdera nagusia.
Hala da gure herriaren estatusari dagokionez, baita jendarte egitasmoei buruz ere. Erabaki potoloa da norabidea hautatzea. Argi ibiliz hartu behar dena, zalantzarik gabe.