GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

Urkullu: «Laguntzen iruzurra bukatu behar da»

GARA | BILBO

Iñigo Urkulluk, EAJko lehendakarigaiak, laguntza sozialek «kontrola» izan beharko luketela ziurtatu zuen atzo Gasteizen egindako ekitaldian. Bere ustez, politika sozial hauek «kudeatzeko modu gardenagoa behar da, jarraipen hobea eginez, eta laguntzak ondo kontrolatuz».

«Ez dugu onartuko iruzur soziala, gizarte osoari egiten zaion iruzurra, eta bereziki, egoera txarrean dauden guztiei egiten zaien iruzurra delako», gaineratu zuen jeltzaleak. Bide horretan, bere alderdiak «zorroztasun ekonomikoarekin eta Eusko Jaurlaritzako kudeaketaren eraginkortasunarekin» konpromisoa duela berretsi, eta datorren hilaren 21ean irabaziz gero, kudeaketa «serio eta arduratsua» egingo dutela ziurtatu zuen.

Bere hitzak ñabartuz, eta modu batean, laguntza sozialak murriztuko dituelako ustea aldendu nahian, EAJren «elkartasuna» nabarmendu zuen Urkulluk, eta ez dutela jokatuko «sufritzen ari direnen egoera errealarekiko sentsibilitaterik gabe».

Urkulluren aburuz, hurrengo Lakuako exekutiboak «bi premiazko lehentasunei» egin beharko die aurre. Alde batetik, «ekonomia berpiztea, modu honetan lanpostuak sortu ahal izateko», eta bestetik, «solidario izan krisian erori direnekin, eta bereziki baztertze sozial egoeran aurkitzen direnekin».

Bide horretan, «krisitik astiroago irten behar bagara, hala izango da; baina betiere oreka soziala mantenduz, eta denok batera, aldi berean, ateraz», adierazi zuen jelkideak.

«EAJ, bide bakarra»

Bestalde, Bizkaiko Buru Batzarreko buru Andoni Ortuzarrek «nazio larrialdi egoeran» aurkitzen garela esan zuen Zornotzan, EAJko kanpainako ekitaldian, eta «egoera honetatik atera gaitzakeen bakarra» bere alderdia dela ziurtatu zuen.

Tesi hori indartzeko, gainerako alderdien aurka jo zuen. EH Bilduri leporatu zion «etengabe greba eta pankarten atzetik» ibiltzea, eta Lopezi eta Basagoitiri «gizarteari pentsioekin beldurra sartzea». Horien aldean, EAJ zentralitatearekin lotu zuen, «geldirik geratu ez garen bakarrak izan garelako, Euskadiren alde lan eginez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo