GARA > Idatzia > Kultura

Iparraldeko eta Bizkaiko txapelen lehian, kanporaketak izango dira asteburu honetan

GARA | DONOSTIA

Bi bertso kanporaketa garrantzitsu jokatuko dira Euskal Herrian egun hauetan. Bata, Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Behereko Xilaba txapelketakoa; bestea, Bizkaikoa.

Ipar Euskal Herrikoari dagokionez, gaur bertan jokatuko dute bigarren kanporaketa. Joan den larunbatean egin zuten lehenengoa, eta Maindi Muruak lortu zuen sailkapen taulan lehenengo postua.

Gaurko saioa Kanboko AIEC gelan egingo dute, arratsaldeko bostetan. Bertan sei bertsolari arituko dira: Xumai Murua, Maddi Sarasua, Ramuntxo Christy, Battit Crouspeyre, Bixente Hirigarai eta Gillen Hiribarren.

Kanporaketa ikustera joateko sarrerak 7 euroan daude salgai (16 urtetik beherakoentzat doan). Bazkideek 2 euroko deskontua izango dute, txartela aurkeztuz gero.

Txartelak salgai daude hiru herrialdetan; Senpereko Bertsularien Lagunak Elkartean, Baionako Elkar megadendan, Hazparneko Xuriatea ostatuan, Donibane Garaziko Kalaka ostatuan eta Pausuko Xaia ostatuan. Horrez gain, www.bertsosarrerak.eu webgunearen bidez Euskal Herri osoko edonork eskura ditzake. Finalerako sarrerak ere eros daitezke jada Internet bidez, 18 euroan publiko arruntarentzat.

Balmaseda bertsotan

Bestalde, Bizkaiko Bertso Txapelketako bigarren kanporaketa Balmasedako Klaret antzokian jokatuko dute bihar 17.30ean. Ibon Ajuria, Ander Salaberria, Eñaut Uruburu, Gorka Ostolaza, Itxaso Paia eta Xabat Galletebeitia izango dira finalaurrekora pasatzeko borrokatuko diren sei bertsolariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo