Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Sebald eta memoria (I)
W G. Sebaldek (1944, Wertach, Alemania-2001, Norwich, Ingalaterra) esan zuen behin horrorea erretratatzeko orduan kontu handiz ibili behar zela sortzailea, horroreari zuzenean begiratzeak harri bihur baitezake idazlearen bihotza, edo kontrakoa, sentimentalegia. Arrazoi horiek eraman zuten Holokaustoaren inguruan eraturiko «industria literarioa» arbuiatzera, baita oroimena lelotzat zuen kultura ofizial oro ere. Giza tragedia hizpide izanda, belaunaldiak eta nazioak gainditzeko gai den literatura sortzea zuen helburu Sebaldek, eta haren oinarriak finkatzera bideratu zituen bere ahaleginak. Bilaketa horren ondorio ditugu «Bertigo» (1990), «Emigranteak» (1992), «Saturnoren eraztunak» (1995) eta «Austerlitz» (2001) obrak; erbestearen, memoriaren berreskurapenaren eta denboraren gaineko gogoeta lanak ditugu laurak. Gogoeta lanak direla diogu, Sebaldek, bere liburuez ari zela, `nobela' hitza saihesten zuelako beti. Nobela bere garaikideek egiten zuten hori baldin bazen, ez zitzaion batere interesatzen -elkarrizketa batean behin aitortu zuenez, ez zuen hura irakurtzen denbora alferrik galtzen-. Sebalden aburuz, nobelak, genero gisa, ez du nahikoa eskumenik munduaren, gizakiaren konplexutasuna bere horretan islatzeko. Horregatik berak proposatzen zuen literatur eredua hainbat generoren uztarketa da: badu memoria zein bidaia liburuetatik zerbait, baita saiakeratik ere. Ideia horren adierazgarri dira alemaniarraren liburuetan azaltzen diren argazkiak: pertsonen erretratuak, paisaiak, objektuak, zein egunkarietatik ateratako albisteak, Sebalden lanaren bereizgarri nagusietako bat dena.