GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lurralde Elkargoa lortzeko presio-ekintza egiteko prest agertu dira hautetsiak

Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroarekin ostegunean elkartu ondoren, bileran parte hartu zutenek balorazio bateratua eskaini zuten atzo. Zuhur agertu ziren ministroaren erranen aurrean, baita egungo estatusa gainditzeko presioa egiteko prest ere.

p022_f01_199x116.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Zuhur agertu ziren, atzo, ostegun goizean Marylise Lebranchu deszentralizazio ministroarekin bilera egin zuten ordezkaritzako kideak.

Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko burua, Max Brisson UMPko Biarrizko hautetsi eta kontseilaria, Jean-Michel Galant Azkarateko auzapeza eta Jean Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko buruak agerraldi bateratua egin zuten, aho batez, bezperan izandako bileraren balorazioa egiteaz gain, mezu aldarrikatzailea zabaltzeko.

Marylise Lebranchuk Ipar Euskal Herriaren ezagupenerako borondate politikoa duela esan zuela jakinarazi ondoren, Lasserrek argi utzi zuen ez direla «engaiatuko gaur egun indarrean dagoen bezalako elkarte estatutu» baten gauzapenean.

«Ezagupena hitzaren gibelean gauza oso ezberdinak jartzen ahal dira, ezingo da mugatu hirugarren hitzarmen batean», azpimarratu zuen, bere aldetik, Max Brissonek.

Horiek horrela, Gobernuak Ipar Euskal Herriaren eskaerari instituzio baten bidez erantzungo ez balio, presioa-ekintza egiteko prest agertu ziren. 2013an Estatuarekin eta Erregioarekin lurralde kontratu berria hitzartzeko prestaketa lana abiatuko da. Aurretik instituzioari buruzko erantzunik ez balute, ez direla lan horretan engaiatuko jakinarazi zuten bai Lasserrek, bai Brissonek. «Ez dugu onartuko legeak Korsika, Alsazia eta Bretainarentzat aterabide bat atzematea, eta ez euskaldunentzat», gaineratu zuen UMPko hautetsiak. Hautetsien Kontseiluak datorren urriaren 22an egingo duen Biltzar Nagusian eztabaidatuko du aukera hori.

Sylviane Alaux diputatu sozialistak ez zuen parte hartu atzo Lasserrek antolaturiko agerraldian, baina Donibane Lohizunen eginiko prentsaurreko batean osteguneko bilera baloratu zuen. Ministroak Parisen euskal ordezkaritzari harrera egin izana eta hurbiletik entzun izana garrantzitsutzat jo zuen Alauxek. «Gurekin hona lan egitera etortzeko aukera ere aipatu du», azpimarratu zuen.

Bere alderdian instituzio berezi baten aldarrikapenak ez zuela %100eko kontsentsua egiten aitortu bazuen ere, argi utzi nahi izan zuen «zuhurtzia, gogo eta ausardiarekin militatuko» duela Lurralde Elkargoaren alde.

«Esperientzien garaia bukatua da. Hogei urteotan gure etorkizuna geure gain hartzen badakigula frogatu dugu. Ate bat erdi ireki da eta bertan zango bat sartuko dut ez dezan gibelera egin», esan zuen.

Anartean, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak estatutu bereziko Lurralde Elkargoaren proiektua lantzen jarraituko dute. Uztailean eskumenak lantzen aritu ondoren, egituraren fiskalitate alorra datorren urriaren 22ko Biltzar Nagusian aztertuko dute.

Lau hilabeteko epea

Instituzio berriari buruzko txostena osatzen duten heinean, Marylise Lebranchu ministroaren zerbitzuekin elkarlana abiatuko dute.

Deszentralizazioaren III. Aktaren lege proiektua idatzi eta Senatuan lehen aurkezpena egin bitartean lau hilabete igaroko dira. Tarte horretan Ipar Euskal Herriari ezagupena emango liokeen proiektua Ministerioarekin batera landuko dute. «Ministroarekin izandako bileraren ondotik ezin dugu erran dena irabazia dela, baina, ezta galdua ere. Bagenekien bidea zaila izanen zela, baina ministroa irekia agertu zaigu, elkarlanean aterabideak aurkitzeko prest», nabarmendu zuen Lasserrek.

Hiru urteotan instituzioaren gaiari buruz Garapen Kontseiluak kaleratu dituen lan guztiak aintzat hartzeko eskatu diote ministroari, eta, horretarako, agiri teknikoak, legelarien txostenak eta Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarak emandako iritzia ere helarazi dizkiote.

«Desmartxa azkarra, anitza, kontsentsuala, legeari lotua daramagula jakinarazi diogu ministroari», azaldu zuen Etchetok. Horrekin batera, ministroak azalduriko esaldia gogora ekarri zuen: « `La République est une mais diverse" (Errepublika bakarra baina anitza da) erran du Lebranchuk».

Lebranchu

Ageri baten bidez Marylise Lebranchuk Ipar Euskal Herriko hautetsiek egindako lana txalotu zuen, eta «euskal nortasuna hobeki kontuan hartzeko» Gobernuak egungo eztabaida hurbiletik jarraitzen duela esan zuen.

Lege esparrua

Deszentralizazio proiektua hamar bat artikuluz osaturiko lege esparru batekin gauzatu beharko luke Gobernuak. Ondotik emendakinek osatuko dute legea. Bertan sartu beharko luke Ipar Euskal Herriaren egitasmoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo