GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KANPAINA BARRUTIK

BEC betetzea, EAJ-k eta EH Bilduk hartutako erronka

EAJ-k eta EH Bilduk erronka bera aukeratu dute kanpaina honetarako: BEC erakustazokako aretorik handiena, Bizkaia Arena, betetzea. Xedea lortu ez arren, jeltzaleek urteotako ekitaldirik jendetsuena egin zuten igandean. Gaur ezker abertzalearen txanda da.

p013_f01.jpg

Maider IANTZI

Lanak aurreratzen ari ziren EH Bildukoak atzo arratsaldean Barakaldoko BECen. 30 lagun inguru zebiltzan muntaia egiten. «Gaur bukatu nahiko genuke muntaia eta bihar entseguak egin», azaldu zuten. Ikurrinak, EH Bilduko banderak eta Nafarroakoak jarrita zituzten jada, eta agertoki eta pantaila handi-handiak. Horrelako ekitaldi batek jende ugariren inplikazioa eskatzen duela adierazi zuten, eta ordu pila bat ematea lanean. Lagun batzuk dira buru-belarri horretara daudenak, diseinua egiten, ekitaldiaren atal ezberdinei forma ematen, arlo tekniko osoa zaintzen. Baina, horietaz gain, jende anitzek parte hartzen du zuzenean ala zeharka: partaideak lotzen, artistak, musikariak, muntaian eta desmuntaian aritzen diren boluntarioak. Nabarmendu zutenez, jende anitzen izerdirik gabe ezinezkoa litzateke gaur eginen dutena bezalako ekitaldi erraldoi bat antolatzea.

Lehendabiziko gauza mahai baten bueltan esertzea da, eta ideia sortak ateratzea. Gero aukeratu eta zehaztu egiten dira aproposenak. Eskaleta edo egitarau bat osatu, eta ideiatik gauzatzera igarotzea izaten da hurrengo urratsa, eta horretarako laguntzaileak lortzea.

Kasu honetan hainbat helburu dituzte, tartean indar erakustaldi bat egitea. Barakaldoko erakustazokan prestatu duten ekitaldia mobilizazio erraldoi bat da eta bertan independentziaren aldarrikapena ozen entzun dadila nahi dute. «BECeko areto nagusian, Bizkaia Arenan, izango da ekitaldia, eta betetzera goaz», bota zuten erronka.

Hiru hizlari nagusi izanen dira: Amets Arzallus bertsolari lapurtarra, Antonio Alvarez-Solis idazle eta kazetaria eta Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia. Horretaz gain, hainbat ezuste izanen dira, baita musika, dantza eta bideo emankizunak ere. Oihana Bartra eta Julio Soto bertsolariek kantatuko dute, eta Kataluniak leku garrantzitsua izanen du. Haurtzaindegi zerbitzua ere jarriko dute.

Urkullu, estatubatuarren antzera

Ezker abertzaleak aukeratutako agertoki berean, EAJk azken urteotako ekitaldirik jendetsuena egin zuen joan den igandean, nahiz eta ez zuen Bizkaia Arena betetzea lortu. 11.000 eserlekutatik 9.000 inguru bete ziren. Areto honetan, 15.000 lagun ere sar daitezke agertokiaren gibeleko oihala mugituz, baina EAJk 11.000 bat pertsonarentzat atondu zuen lekua.

Jende pilaren artean, sarrera ikusgarria egin zuen Iñigo Urkullu lehendakarigaiak, Obamaren eta Romneyren antzera. Haur eta helduek aldeetatik agurtzen zuten, jendea zutik, ikurrin txikiak astinduz, musika ozen. Geroago, agertokian mintzatzen hastean, moztu egiten zioten noizbehinka jarduna: «Guapo! Guapo!», oihuka, edo «Ari, ari, ari, Urkullu lehendakari!». Umore onez zeuden herritarrak, bereziki Bizkaiko herrietatik etorriak. Aretoaren behealde osoa bete zuten; goialdean eta bazterraldean, ordea, aulkiak hutsik gelditu ziren. Politikako, kulturako edo kiroletako pertsona ezagun ugarik parte hartu zuten EAJren proiektua baino gehiago lehendakarigaia erdigune izan zuen ekitaldian, eta «Ezagutzen dudalako» webgunea aurkeztu zuten pantaila handian, Urkulluri zuzendutako mezuak biltzen dituena.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo