GARA > Idatzia > Kultura

Gerren biolentziaren intimitatea dantza eta poesia bidez, «Librea ninçana» lanean

Ortzadar Elkarteak «Librea ninçana» ikuskizuna aurkeztuko du datorren igandean Donostiako Victoria Eugenia antzokian. 1512ko eta 1936ko gertaeretara hurbiltzen da, dantza, poesia eta musikaren bidez.

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Catigatu ninduçun/ librea ninçana» XVI. mendeko amodiozko poematik hartu du Ortzadar folklore elkarte nafarrak ikuskizun honetarako izena eta izana. Dantza, zuzeneko musika, kantua eta poesia uztartzen ditu «Librea ninçana» lanak eta igande honetan ikusi ahal izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 20.00etatik aurrera. «Gurea historiarekiko hurbilpen bat da, baina ez liburuetan ageri den historia horrekiko», azaldu zuen atzo Aitor Subiza zuzendariak. «XVI. mendekoak, 36koak ala gaur bertakoak» izan, gizon-emakumeen egunerokotasuneko istorioak ditu hizpide. «Nire asmoa gaurdaino iraun duen biolentzia horren guztiaren intimitatea helaraztea da. Azken finean, historia benetan hor gertatzen da: etxe barruan, ohe hutsean, mahaiaren bueltan dagoen aulki huts horretan, amaren hasperenean eta faltan sumatze horretan. Azkenean, gerra bat bizi duen pertsona batentzat gertakari historikoa izan ala ez berdin dio. Berak ez du gertakari historikorik bizi, baizik eta egunerokotasun bat. Bere txiki horretan».

Subizak azpimarratu zuenez, agian «oso urruti geratzen zaigu XVI. mendea, baina gure aiton-amonek, adibidez, Nafarroako Erriberan bizi izan zutenak, errezino-olioa, ile-mozketak, bortxaketak, erailketak, torturak... oraindik ere oilo-ipurdia jartzen dizu», eta gaineratu zuen konpromisoa hartu behar dugula hori guztia ez ahazteko eta berriro gerta ez dadin.

Iruñeko Gayarren estreinatu zuten ekainean eta Atarrabian ere izan ziren. Orain Donostiako oholtzara igoko dira 30 bat dantzari eta 18 musikari inguru. Oinarrian dantza tradizionalak baditu ere, ikuskizunak ikuspegi berri bat aurkezten du. «Topikoetatik ihes egiten saiatu gara. Batalla bat antzezteko ez dugu ezpata-dantza erabili, esaterako».

Berdin egin dute Mikel Petrirenak zuzendutako musika hautaketarekin, Europa osoko doinuak interpretazio berriekin aurkeztuz. Urriaren 21a egun seinalatua izanik, deialdi berezia egin zuten jendea antzokia betetzera anima dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo