GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Hauteskundeen osteko paradoxa

Hauteskundeen osteko «bixamona» paradoxa handi bat izan da. Munduan nabarmendu denez, «pro-independence parties win Basque Country elections»; Madrilen tragedia betea, «soberanistek konstituzionalistak birrindu dituztelako»; EH Bilduren itzulera indartsua, historiako ordezkaritza zabalenarekin nonahi irakurgai... eta hain zuzen ere, -edo hain oker ere-, topatu ditut triste antzean, desengainua puntu-puntuan zeramaten lagunak. Munduaren begietan sekulako emaitza zena, hemen, Gipuzkoan, nire lagunen artean bederen, ez zen hainbesterakoa. Edo alderatzizkoa.

Aurreikuspenak handiak ziren, inkestek goitik jotzen zuten, enpate teknikoa marrazteraino... baina halakorik ez da gertatu. Araban «espektakular» aritu eta Bizkaian goranzko tendentzia sendotu duen EH Bilduk, Gipuzkoan behera egin du, nabarmen. Zergatiak estudiatzekoak dira, eta seguru ez dagoela arrazoi bakarra. Baina hori bai: gauzen esanahia jende gehienarentzat esan nahi duena baldin bada, orduan zaborren kontua izan da, bai, determinantea. Irakurketa sinplista? Igual bai. Segur aski. Baina atez atekoaren «errua» ahoz aho dabil, bolo-bolo. Dagokionarentzat, interpretatu beharreko pertzepzio sozial hedatua da hori. Eta oraingo hau, aldaketak ondratuki obratzeko unea.

PNV ondo baliatu da. Merkatuetan, eliza ataritan, plaza publikoan oso aktibo aritu dira jelkideak, oso mobilizatu, aspaldian ez bezala, ikusgarri. «Anti-Bildu» faktorearen aterpe legez, kudeaketa vs aldarrikapena antagonismoa ondo atera zaio.

Kokoteraino daudenen faktorea ere behar bezala irakurtzekoa da. Abstentzioa masiboa, oso handia izan baita. Pena handia eman dit, bestalde, amorrua, Ezker Anitza eta Ezker Batuaren artean bildu diren 47.000 botoek ordezkaritza ez lortzeak. Tristea da, espektakulu oso tristea eman dute.

Ongi dakit politikan asmatzea eta arrakasta izatea gurpil handi baten modukoa dela, haren birak ez duela inoiz zoriontasun une luzeez gozatzen uzten. Bukatzeko, emaitzok gogo-mirak Gipuzkoatik atera eta «feudoaren mentalitatea» kentzen hasteko baliagarriak balira, zorionekoa ni. Onak beti hobea, eta hoberik ezean, «ondobideari» eutsi, eutsi behar dio gurpilak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo