GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gai estrategikoen gainean eztabaidatuko du Batasunaren Batzar Nagusiak, azaroaren 3an

GARA | BAIONA

Etorkizuneko funtzionamendua, alderdi abertzaleen arteko hitzarmen estrategikoa edota EH Bai hauteskunde plataformaren iraunkortzea izango dituzte hizpide Batasunako militanteek azaroaren 3an, Uztaritzeko Lapurdi gelan egingo duten urteko batzar nagusian.

2010ean «Zutik Euskal Herria» eztabaida prozesuaren barruan datozen urteetarako irizpide politiko nagusiak zehaztu zituen indar abertzaleak hainbat alorretan.

Horien artean zeuden Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren aitortza instituzionala, aurrean zuten hauteskunde-zikloari begirako lana, eraikuntza nazionala eta borroka soziala garatzeko era egokiena edota gatazkaren konponbidean hartu beharreko bidea.

Fase horren ondotik, 2011ko abenduan burutu zuten hurrengo Biltzar Nagusian irizpide horiek «Zutik EH zehazten» txostenean bildu zituzten. Datorren larunbateko batzarrean duela bi urte hartutako bidearen balantzea egin eta «lan-eskema hori hedatzeko behar diren erabakiak» hartuko ditu Batasunak.

Joan den apirilean ABk, Alternatibak, Aralarrek, Batasunak eta EAk akordio estrategiko nazionalerako hartutako engaiamendua Ipar Euskal Herrian nola deklinatu, hauteskunde garaitik harago EH Bairen jarduna iraunkortzeko premia eta barne-funtzionamenduaren moldaketak osatzen dute gai-zerrenda.

Sortu sortzen

Horrez gain, «nazio antolakunde baten sorrerako borondateari lotuz», Sortu alderdiaren eratze-prozesuan parte hartzeko moduei buruzko gogoeta egingo da.

Biltzar Nagusiaren atariko, herri eta eskualde mailako hainbat bilkura egin ditu Batasunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo