GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa

Finalerako txartela inoiz baino garestiago egongo da

Azurmendi, Nazabal, Olasagasti, Lopez, Atutxa, Otaegi, Mujika, Txapartegi, Senosiain I.a, Senosiain II,a, Otaño eta Rekondo lehiatuko dira bihar Elizondon.

p045_f01_148x112.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa jokatuko da bihar 12.30ean Elizondoko Baztan pilotalekuan. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, eta beste horrenbeste 60 ontzako eta oinbiko erdibitu beharko ditu.

Lehian arituko diren aizkolariak, honako hauek izango dira: Azurmendi, Nazabal, Olasagasti, Lopez, Atutxa, Otaegi, Mujika, Senosiain I.a, Senosiain II.a, Txapartegi, Otaño eta Rekondo. Aurreneko sei postuetan geratzen diren aizkolariek finala jokatuko dute azaroaren 18an Arbizun, eta azkeneko bi lekuetan geratzen direnek, berriz, datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko dute. Horien ordez, aurten Bigarren Mailako lehen bi postuetan geratu diren Irazu eta Erasun arituko dira.

Kanporaketa inoiz baino estuagoa dago, eta bai finalean sartzea eta baita mailari eustea ere, inoiz baino garestiago egongo da. Azurmendi da egungo Euskal Herriko txapelduna, Nazabalek, Otaegik eta Atutxak, berriz, irabazi berri dituzte Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelak. Adituek diote lau horiek finalean izango direla.

Baina beste izen batzuk ere ezin dira ahaztu. Olasagasti hor dago, eta bera beti kontuan hartu behar da, eta ikaragarrizko ezustea izango litzateke finaletik kanpo geratzea. Lopez ere azken urte hauetan finaletan izan da, eta podiuma ere behin baino gehiagotan zapaldu du, baina ez da batere ongi ikusten, eta finalean izan edo ez, jendeak zalantza asko dauzka bere inguruan. Mujika bera ere oso ongi ikusi zen Gipuzkoako finalean. Ezin da ahaztu Unai Otaño ere, askoren ustez aurten txapela lortzeko faboritoetako bat delako. Bi urteko zigorra gainditu ostean, Hirugarren Mailatik ekin behar izan zion, eta aurten berriro ere onenekin lehiatuko da. Azkeneko aldiz Lehen Mailan aritu zenean, bigarren amaitu zuen. Jon Rekondok ere bigarren amaitu zuen Nafarroako final nagusia. Hautagai asko daude hor.

Agian, aukerarik gutxien bi Senosiainekin eta Txapartegirekin ikusten dituzte zaleek. Bai Antonio Senosiain eta bai Luix Txapartegi final askotan izan dira, baina ez dirudi beren unerik onenean daudenik. Lana laburra da, ordea, eta lehen ere ezuste bat baino gehiago izan dira bai kanporaketan eta bai finalean, eta aurten ere gerta daiteke.

Garbi dagoena da maila handiko hamabi aizkolari daudela, eta badirudi, gainera, beraien artean inoiz baino alde txikiagoak daudela gaur egun. Hori ikusleentzako berri oso ona da, eta itxura guztien arabera, oso lehiaketa polita eta ederra izan daiteke biharkoa, baina hori azkenean aizkolariek beraiek baieztatu beharko dute.

Azken saiora

Bihar lehenengo sei postuetan sailkatzen diren aizkolariek lortuko dute azaroaren 18an Arbizun jokatuko den finalean aritzeko txartela. Azkeneko biek, berriz, maila galduko dute, eta Bigarren Mailara jaitsiko dira.

lana

Bihar 12.30ean Elizondoko Baztan pilotalekuan jokatuko den kanporaketan, bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Finalean izango duten lanaren erdia izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo