GARA > Idatzia > Euskal Herria

Salmenta postu gehiagorekin, Gernikan dena prest urriko azken asteleheneko azokarako

Urtero legez, urriko azken asteleheneko azoka ospatuko da etzi Gernikan. Aurten 286 salmenta postu izango dira, iaz baino hamar gehiago. Bertso saioa, kirol ekitaldiak edota lehiaketak ere izango dira.

p019_f02.jpg

Jon ADAN | GERNIKA

Urriko azken asteleheneko nekazaritza azokan 286 salmenta postu egongo dira aurten Gernikan, iaz baino hamar gehiago. Azokak goizeko bederatzietan irekiko ditu ateak, eta aurten ere gazta salmenta postuek izango dute ordezkaritzarik handiena, (65), artisauen aurretik (54) eta hauen ostean ortuariak (43) eta txakolin saltzaileak (20) izango dira. Horiez gain, euskal pastela eta ogia saltzeko 15 postu; kontserbetako 14; makineriako, 17; fruten 14; eztienak bost, eta bestelako salgaiekin bederatzi izango dira.

Aurtengo erronka, Udalak jakinarazi duenez, iaz Gernikara hurbildu ziren 120.000 pertsonen kopurua berdintzea izango da. Bestalde, antolatzaileen esanetan, Juan Calzada kalean egiten ari diren obrak direla-eta, salmenta postuen banaketan aldaketak egingo dituzte aurten. Hartara, postu gehienak Artekale kalean izango dira (68), eta besteak San Juanen (60), Pasealekuan (54), Industria (40), Juan Calzada (31) eta Ocho de Enero (20) kaleetan.

Beste hainbat ekitaldi

Azokarekin batera, egun osoan beste hainbat ekitaldi izango dira. 12.00etan, bertso saioa Merkurio iturrian: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbio bertsolariekin.

Bestalde, azokan, ortuari, fruta, landare apaingarri, txakolin, ezti eta gazta lehiaketak egingo dira. Baita ohiko gazta enkantea ere. Guztira, 3.000 euro banatuko dira ekoizleen artean 13.30ean Merkurio iturrian ospatuko den sari banaketan. Arratsaldean, 18.00etan, zesta punta eta esku pilota partida bina ere jokatuko dira Jai Alai eta Santanape frontoietan.

Horiek horrela Udalak, Gernikara bertaratuko den jendea nekazaritzako produktuak kontsumitzera ere animatu zituen, izan ere, ekoizleen arabera «krisiak ere eragina izan du eta azken urteotan salmentak behera egin dute».

Udalak jakitera eman zuenez, gaurtik aurrera Adolfo Urioste, San Juan, Artekale, eta Juan Calzada kaleak ibilgailuen zirkulaziorako itxita egongo dira asteartera arte.

BERTAKO KALITATEA

Ortuari, fruta, landare apaingarri, txakolin, ezti eta gazta lehiaketak daude. Merkurio iturrian egingo den sari banaketan 3.000 euro banatuko dituzte ekoizleen artean, eta ohikoa den gazta enkantea ere izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo