Josebe Egia
Emakumeon gaitasuna lupapean
Hauteskundeetan boza emateko ilaran nengoela, atzean nituen bi gizonen elkarrizketa entzun ahal izan nuen. Besteak beste, harrituta zeuden EH Bilduren zerrendako aurreneko hiru hautagaiak emakumeak zirelako. «Aizak, hauek bazekitek botoak irabazteko estrategiez zerbait, Estatu Batuetan beltzen edo latinoamerikarren boza lortu beharra nola, hala emakumeena hemen».
Inozoa izan behar du pertsonak uste izateko emakumeok emakumeei emango diegula boza, emakume izate hutsagatik. Mespretxagarria ere bada ikuspegi politiko zabalagorik ez dezakegula eduki pentsatzea, eta gure aukera mendekuzko feminismo itsuan oinarritzen dugula; alegia, emakumezko hautagaiak ordezkatzen duen alderdiaren izaerari, lehentasunei eta ildoari erreparatu barik. Inozoa izan behar du pertsonak gidari politiko baten gaitasuna sexuaren arabera neurtzeko. Gizonezko politikarien kasuan, zalantzan jarri ere ez da egiten, berezko balute bezala politikarako sena; emakumezkoenean, ostera, denetariko susmoak pizten dira: kuoten kontu horregatik jarriko zuten hor, itzalpean dagoen «benetako» gidari baten txotxongiloa izango da, familia edo bizitza pertsonalik gabea agian...
Kuoten kontu horrek, adibidez, erremin handia pizten du. Askok ez dute ulertzen zer dela-eta jarri behar diren emakumeak goi-mailako postuetan enpresetan, kargu politiko edo publikoetan, zer dela-eta berez gertatzen ez dena gertatzera behartu... Bidegabea dela uste dute sexuaren araberako faboritismotzat hartzen duten bultzada hori, sexuaren araberako diskriminazio errotuari muzin eginda. Kuota entzun eta automatikoki ezabatzen zaizkie burutik prestakuntza, eskarmentua, ahalmena, talentua, ikuspegia...
Horretan sinetsita, emakumeon gaitasunean eta bizitza politiko, ekonomiko eta sozialean gizonezkoen pare parte hartzeko beharrean, jendarteek aurrera egin dezaten, emakumeon parte-hartzeak aspektu guztietan eragin dezan, Europako Batzordeko presidenteorde Viviane Reding enpresetako administrazio-kontseiluetan kuota femeninoak ezartzeko proposamena prestatzen ari da, 2020rako %40, gutxienez, emakumezkoak izan daitezen. Batetik, proposamenak, jada jaso ditu zenbait herrialdetako gobernuen kritikak eta uko garbiak. Bestetik, badirudi gutxiengoen zuzentarau bat izango dela -adostasunaren izenean-. Gainera, Burtsan kotizatzen duten enpresa handiei baino ez lieke eragingo; are gehiago, enpresa handi horietako administrazio-kontseiluei, inolaz ere, adibidez, zuzendaritza-batzordeei, hots, enpresa benetan zuzentzen dutenei, Redingen esanetan, «ez baita nahi enpresen kudeaketa eragotzi». Laburbilduta, malgutasuna, orain ere, bereizgarri.
Kuotak gorabehera, halako neurriak emakumeon talentuari bide ematean dautza. Aukera berdintasunak ezin duelako hautazko izaten jarraitu. Beti lupapean, beti mesfidati. Eman bide eta onurek eurek hitz egingo dute, inoren zain egon barik.