Futbola
Euskal ordezkaririk gabe geratu da Frantziako Kopa
AVIRON 2
ST. BORDELAIS 2
J.L.
Avironek ezin okerrago eman dio amaiera aspaldiko asterik beltzenari, penaltietan Frantziako Kopatik kanpo geratu baitzen. Azken egunak oso nahasiak izan dira Lapurdiko hiriburuan. Diru arazoak direla-eta, taldeko presidenteak bere kargua utzi du, eta horretan Baionako Udalak ere izan du zerikusia. Ligan gauzak gaizki doaz, eta errematea herenegun gauean eman zion, Kopatik kanpo geratuta, dirua ateratzeko aukerak baztertuta.
Kopa jardunaldi batera jokatzen da, eta maila bereko talde baten aurka jokatu zuten. Zelaian etxekoak nagusi izan ziren. Bi aldiz aurreratu ziren markagailuan, baina bietan kanpotarrek berdindu egin zuten, eta horrelaxe bete zen arauzko denbora, etxekoen kalterako.
Luzapenean ere berdinduta jarraitu zuten, bietako inork ez baitzuen golik lortu. Penaltietara iritsi ziren, eta hor kanpotarrek 3-4 irabazi zuten. Etxekoen aldetik, Lalanek, Martinek eta Elisaldek sartu zituzten golak, eta Konek eta Bourhisek huts egin zuten. Partidako berririk onena Ximunen itzulera izan zen. Hilabete bat min hartuta pasa ostean itzuli zen, eta oso maila ona eman zuen atezainak.
Genets, berdin
Angeluko Genetsek ere ezin izan zuen Kopan aurrera egin, eta euskal futbola Frantziako Kopan ordezkaririk gabe geratu da, Mont de Marsanen Stade Montoisek 2-0 irabazi baitzion talde angeluarrari.
Landetako taldea Genets baino maila bat gorago dago, eta hori zelaian nabaritu egin zen, etxekoak gehiago izan baitziren, eta lapurtarren ametsak zapuztu egin zituzten.
Beraz, inork nahi baino lehenago geratu dira euskal taldeak Frantziako Kopatik kanpo, baina honek beste ondorio batzuk ere uzten ditu, eta Ipar Euskal Herriko futbol arloko agintariek ongi aztertu beharko dituzte. Oso urte onak izan dituzte, baina badirudi urte beltzak datozela, bai, behintzat, asko eta asko eskatzen ari diren taldeen batze hori gauzatzen ez baldin bada. Joan den urtean nahiko gertu ibili ziren, baina gauzak nola dauden ikusita, behar hori gero eta argiago ikusten da, talde on eta handi bat izan nahi bada.