GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Herra diote jainkoek Prometeori

Falciani Bartzelonara iritsi zenean Polizia Nazionalak atxilotu eta Auzitegi Nazionalaren esku ipini zuen, prestutasun deigarriz, Suitzara estraditatu ahal izateko. Falcianik presondegian jarraitzen du; 659 iruzurgile espainiarrek, noski, libre

Lagarde Lista» deituak zeresana ematen jarraitzen du. Afera ezezaguna dutenentzat: 2008an, HSBC banketxeak Genevan duen adar erraldoian informatikari zen Herve Falciani gazteak bere sudurpean zituen milaka kontu korronte eta operazio ilunen kopia egin eta eraman zuen, informazioarekin sos batzuk lortzeko asmoz, beharbada. Pasadizo xelebre batzuen ondoren, Frantziako Polizia Judizialari eman zizkion datuak eta Suitzatik ihes egin zuen. Frantzian ere atxilotu zuten arren, Falciani ezin izan zuten Suitzara bidali, Monakoko herritartasuna duelako. Beste pasadizo bitxi asko tarteko, haren zerrendan agertzen ziren 9.000 frantsesen zerga-iruzurren kitamenduak 1.200 milioi euro berreskuratzeko modua eman zion Frantziako Ogasunari, eta bizpahiru milaren kasuak auzitegietara eraman zituzten.

Beste herrialde askotako herritarrak ere agertzen zirenez Falcianiren fitxategi mamitsuan, orduan Parisen Ogasun ministro zen Lagarde andereak Frantziarekin itun fiskala duten herrialdeei bidali zien bakoitzari zegokion atala. Hortik datorkio izena zerrendari. Espainiaren kasuan, hiru bat mila kontu korronte izan behar zuten, 659 norbanakorenak; guztira, 6.000 milioi euro edo. Pagotxa. Baina Madrilen, auzitegietara jo gabe kontuak «garbitzen» saiatu da Ogasuna, itxura guztien arabera. Eta erabat isilpean, kasu bakan batzuetan izan ezik: Artur Masen aitarena izan zen kasu horietakoa, arrazoi asmagarriak medio. Beste batzuekiko isiltasunaren zergatia ere asmagarria den bezalaxe.

Kasu nabarmenena, hala ere, Botin familiaren altxor potoloarena izango zen; ordaindu gabeko zergen kitamendurako 200 milioi euroren truke zuritu omen da auzia.

Halaz eta guztiz, iragan uztailaren 1ean Falciani Bartzelonara iritsi zenean, Polizia Nazionalak atxilotu eta Auzitegi Nazionalaren esku ipini zuen, prestutasun deigarriz, Suitzara estraditatu ahal izateko. Auzia oraindik erabakitzeke dago, eta Falcianik presondegian jarraitzen du. 659 iruzurgile espainiarrek, noski, libre.

Grezian agitu da komeriaren azken pasadizoa pasa den asteburuan. Kostas Vaxevanis kazetariak, HotDoc sareko bere magazinean argitaratu ditu zerrendako bi mila greziarren nortasunak, aldez aurretiko komeria lotsagarria amaiaraziz: Lagarderen eskuetatik zerrenda zatia jaso zuen Papaconstantinou ministroari -edota haren oinordeko Venizelosi- «galdu» egin omen zitzaien zerrenda, nahiz eta gero haren kopia konplitua beste norbaiten eskuetan agertu den... Bada ederrean sartu da Vaxevanis kazetaria: berehala atxilotu du poliziak, eta bihar bertan epaituko dute «pribatutasuna babesten duten legeak» urratzeagatik. Publikotasuna urratzea baino askoz larriagoa da gaiztaginen pribatutasuna kaltetzea, nonbait.

Munduko zerga iruzurgile nagusiek, elkar hartuta, paradisu fiskaletan duten bizimodu dohatsua betiko izan dadin edo, beren diru-kontuen sua lapurtzera ausartzen den edozein Prometeo Kazbek mendiko harkaitzari lotuta ipini eta haren erraiak piztien bazka izan behar dutela deliberatu dute. Paradisuetan bizitzearen poderioz, jainko direla sinetsi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo