GARA > Idatzia > Kirolak> Automobilismoa

ANALISIA | INDIAKO SARI NAGUSIA

Pausoz pauso

Bat Formulako txapelketa azken txanpan sartu da, eta tentsioa nabarmena da bai errepidean bai errepidetik kanpo. Egileak Vettelen eta Alonsoren arteko lehia hobeto ulertzeko gako batzuk eman ditu.

p036_f02_546x456.jpg

Xabier ALZELAI Probetako ingeniaria

Vettel igandeko bira guztietan lasterketaren buruan mantendu zen, 3. aldiz jarraian, Sennaren errekor bat berdinduz. Gainera, lehen aldiz 4 garaipen jarraian lortu ditu. Beste inork ez du lortu Indiako Sari Nagusiaren historian lasterketa osoa lidergoan osatzea. Titulua lortzeko beste pauso garrantzitsu bat.

Lasterketa hasi aurretik, RedBullen bazekiten hasiera ohikoa baino garrantzitsuagoa zela; zirkuituaren atzealdeko zuzengunean McLaren eta Ferrariengandik aurreratuak izateko arriskupean zeuden DRSaren aktibazio gunean. Buttonek eta Alonsok Hamilton batera aurreratzea lortu zuten toki berean. Asturiarra borrokatzeko prest atera zen hasieratik, txapelketa hau irabazteko duen aukeraz erabat konbentzituta.

Ostiraleko entrenamenduak borroka psikologikoaren parte bilakatu dira. RedBullek 0.6 s-ko abantaila atera zion Ferrariri kalifikaziorako erritmoan. Dena den, larunbateko sailkapenean abantaila ez zen horrenbestekoa izan. Lasterketako erritmoari dagokionez, biek parekatuta dirudite. Ferrarik aurrealdeko hegalaren eboluzio bat eta difusore berri bat eraman zituen Indiara. RedBull-aren hobekuntzak ez dira hain bisualak, baina balio itzela erakusten ari dira.

Gaur egun 1 Formulan xehetasunekiko atentzioan dago garaipen eta porrotaren arteko diferentzia. Ostiraletako entrenamendu libreak jarraitzeko ohitura baduzue, auto batzuek gainontzeko saioetan baino kamera gehiago daramatzatela igarriko zenuten. Gehienak TB-ko kamerak dira, FOMak partaide guztientzat komunak diren tamaina eta posizioetan kokatzen dituenak.

Arautegiak ez du onartzen bestelako kamerarik asteburu osoan zehar, ostiral goizetan izan ezik. Talde batzuek aukera hau erabiltzen dute eboluzioek behar bezala funtzionatzen duten frogatzeko. Besteak beste, RedBullek tresna berezi bat erabili du asteburu honetan. Kamera bat da, segur aski kamera termografiko bat. Honen bitartez, ziur asko, ihes-hoditik jariotako gasen ibilbidea behatu ahalko dute. «Coanda» efektuak behar bezala funtzionatzen badu, gas-jario honen zati handi bat difusorerantz bideratu beharko litzateke. Ez da talderen batek kamera berezi bat erabiltzen duen lehen aldia; GoPro bezalako kamera komertzialak sarritan ikusi izan ditugu beste auto batzuetan.

Une honetatik aurrera, pistako borrokaz gain, bakoitzak bere arma psikologikoak erabiltzen ditu. Podiumean elkar zoriontzen dute, txapeldunek bezala, baina Alonsok eta Vettelek asteburu honetan garbi erakutsi dute batak bestearen merituak gutxiesteko gaitasuna. Asturiarrak berea Newey diseinatzailearen aurkako gerra bezala deskribatzen zuen asteburuaren hasieran, txapelketa irabazteko bere aukerez ehuneko ehun konbentzituta dagoela nabarmentzen bukatzeko. Alemaniarrak, berriz, lasterketa ostean Alonsoz aparte txapelketarako beste aurkari batzuk ere badituela esan zuen; matematikoki egia, praktikan guztiz kontrakoa.

13 puntuko diferentzia eta 3 lasterketaren faltan, guztia da posible. Litekeena da Alonso alderdi psikologikoan Vettel baino indartsuagoa izatea. Urte asko daramatza 3. txapelketaren atzetik, esperientzia bere alde du eta arerioaren puntu ahulak ezagutzen ditu. Vettelek, ordea, aparteko talde baten parte izatearen abantaila eta konfiantza darama. Titulua eskuratu nahi duenak 3 asteburu perfektu beharko ditu.

RedBullen ezin dira lokartu, badakite Alonsok ez duela Brasileko azken itzulira arte amore emango. Alonsok oraingoan ere zortea bere alde izan du, Webberren KERSaren akatsagatik ez balitz, 3. postuan amaitu izango bailuke. Dena den Alonsoren tokian ez nuke Vettelen fidagarritasun akats batean esperantza handiegirik jarriko. RedBullek eta Renaultek inoiz baino gehiago titulua irabazi nahi dute, eta energia guztiak kontzentratuko dituzte mota horretako akats bat berriro gerta ez dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo