Kurdistanek presoen alde ozen hitz egin du eta munduak ezin du gorrarena edo itsuarena egin
Irailaren 12an Kurdistango Diyarbakirreko espetxean bederatzi emakume presok gose greba mugagabeari ekin zioten. Haien eskakizunak bi ziren: beren ama-hizkuntza kurduera esfera publikoan erabili ahal izatea eta bake negoziazioetan parte hartzeko kurduen buruzagi Abdullah Ocalani isolamendua kentzea. Orduz geroztik, ehunka kurdu presoek bat egin dute protestarekin eta atzo, beren herriaren babes zabala eskuratu zuten greba egun arrakastatsua medio. Kurdistango herri adoretsu eta munduko potentzientzat ahaztuak Turkiaren zanpaketa basatia eguneroko ogi du. Hizkuntza eta kulturaren debekua, beren nazioaren ukazioa, militarizazio hilgarria eta «terrorista» akusaziopean milaka espetxeratu dituzte. Abokatuak, kazetariak, politikariak... azken hiru urtetan, 10.000tik gora. Gaur, ez dago zenbat preso dagoen zehazki jakiterik. Zenbat dauden gose greban eta zein den egoera. Turkiak harresi eta txarrantxazko isiltasunaren kiribila eraiki nahi du bere politika zitala betikotzeko.
Kurduak hitz egin dutenean, munduak gorrarena egin du. Orain, presoek beren osasuna eta bizia arriskuan jarriz ozen hitz egiten dute. Eta inork ez luke itsuarena egin beharko.