GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abenduaren 1ean euskaraz bizitzeko nahia agertzera animatu du Kontseiluak

«Euskaraz bizi nahi dugu» lemarekin Donostiako kaleak betetzera deitu du Kontseiluak, hainbat gizarte eragile eta herritarrek lagunduta. Miramarreko agerraldi jendetsuan izan dira, bertzeren artean, Xabier Mendiguren, Koro Zumalabe, Koldo Tellitu eta Andoni Sarriegi.

p015_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu; horixe delako nire hizkuntza. Natural sentitzen dudana, natural egiten dudana eta egiten nauena. Euskalduna naiz eta hala izan nahi dut gero ere». Hala adierazi zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, euskalgintzako, kulturgintzako eta bertze arlo batzuetako ordezkariek eta herritar ugarik lagunduta. Atzo arratsaldean egin zuten argazkia Donostiako Miramar jauregian. Han izan ziren, bertzeak bertze, Koldo Tellitu Ikastolen Konfederazioko lehendakaria, «Berria»-ko eta Hamaika Telebistako kideak, Elkarreko Mikel Arrizabalaga, Ana Urkizua irakasle eta idazlea, AEK-ko Oskar Elizburu, EIEko Andoni Sarriegi eta Kontseiluko idazkari nagusi izandako Xabier Mendiguren. Abenduaren 1eko manifestazioan eurekin bat egitera animatu nahi izan zuten jende guztia. Izan ere, ohartarazi zutenez, euskaraz bizitzea ez baita osoki «nire, zure, gure esku» dagoen zerbait, eta gaur egun bizi dugun unea testuinguru ezin aproposagoa dela pentsatzen baitute «euskararen normalizazioan behar diren aldaketak emateko». 17.00etan da hitzordua, Anoetako estadioan.

Deialdian nabarmendu zutenez, ezinbestekoa eta eskubidezkoa da Euskal Herrian bizi eta euskara ezagutzeko eskubidea izatea. «Euskara jakitea aberastea baita, aberastea ezagutzaz, aberastea esperientziaz, aberastea harremanez, bai eta mundu ikuskeraz ere. Ez da justua inori hori ukatzea».

Nolanahi ere, erantsi zutenez, jakitea ez da nahikoa. Eta hizkuntza harremanetarako, komunikatzeko erabiltzen den neurrian, ezinbestekoa da erabiltzeko aukera izatea. Horretarako, euskararen eremuak sortu eta hedatu behar dira.

Testigantza pertsonalagoetarako lekurik ere izan zen prentsaurrekoan. Leire Munduate ataundarraren, Aretz eta Ortzi mutikoen amaren, bideo bat jarri zuten: «Ozenki diot zuen laguntza behar dudala. Kalean, lanean, euskara erabiltzeagatik inoiz umiliatua sentitu izan naiz. Baina argi daukat ez dudala horrelakorik nire semeentzat nahi», adierazi zuen bihotzez. Paul Bilbaok erran zuenez, hitzok primeran islatzen dute manifestazioaren asmoa.

amaren bihotzetik

«Ama baten bihotzetik eskatzen dizuet nire, gure hizkuntza eskubideak babesteko, zuek hartzen dituzuen erabakien ondorio zuzena baita. Nik aspaldi hartu nuen konpromisoa. Eta zuek?», dio Leire Munduateren adierazpenak

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo