GARA > Idatzia > Mundua

El Salvadorreko gerran desagerrarazitako haurren amek justizia eskatu dute

El Salvadorreko gerra zibilean izandako operazio militarretan desagerrarazitako haurren amek, barkamen eskaria ez dela nahikoa eta Giza Eskubideen Ameriketako Gortearen epaia betetzeko eskatu diote Estatuari.

p021_f02.jpg

GARA | SAN SALVADOR

El Salvadorreko gerra zibilean desagertutako haurren amek Giza Eskubideen Ameriketako Gortearen sententzia betetzeko eta justizia egiteko eskatu zioten astelehenean Estatuari, honek barkamena eskatu duen arren, hori aski ez dela nabarmenduz.

Giza Eskubideen Ameriketako Gorteak El Salvadorreko Estatua zigortu zuen iaz, Contreras anai-arreben (1982), Mejia Ramirez ahizpen (1981) eta Jose Ruben Riveraren (1983) bortxazko desagerpenagatik. Hain zuzen, senide zein biktimentzako hainbat ordaintza neurri betearazi zizkion, besteak beste, gertakarien ardura onartzeko ekitaldi publiko baten antolakuntza.

«El Salvador Estatuaren izenean barkamena eskatzen dut», adierazi zuen Hugo Martinez Kanpo Arazoetako ministroak San Vicenten antolatutako ekitaldi batean, Contreras anaiak 1982an desagertu ziren lekuan.

Martinezek barkamen eskaria «barne gatazka armatuaren baitan gauzatutako ehunka haurren bortxazko desagerpenaren praktika onartzearen ondorio» zela esan zuen, eta «Mauricio Funes lehendakariaren aginduz» eta berari dagokion kantziler postutik egiten zuela zehaztu zuen.

Hala ere, barkamena eskatu arren, Margarita Riverak -Jose Ruben Riveraren amak- hori aski ez dela eta Estatuak Giza Eskubideen Ameriketako Auzitegiaren sententzia bete behar duela eta gerra zibilean izandako adingabeen bortxazko desagerpenen arduradunak epaitu behar direla esan zuen.

«Guk zain jarraitzen dugu, ez gara ekitaldi honekin konformatuko», agertu zuen Margarita Riverak bere hitzaldian.

1983an desagerrarazi zuten bere semea San Vicenteko departamendutik, hiru urte baino ez zituenean, operazio militar baten baitan. Jada aurkitu dute, baina oraindik ez du bere amarekin elkartzeko aukera izan.

Margarita Rivera pozik dago bere semea non dagoen dakielako, baina «sufritzen» jarraitzen duela dio, oraindik beragandik urrun dagoelako.

Maura Contrerasek -Gregoria Herminia, Serapio Cristian eta Julia Ines haurren ama-, bestalde, justiziarik ez dagoela eta ondorioz beste herrialde batzuetara jo behar dutela justizia bila azaldu zuen. Gregoria Herminia eta Serapio Cristian 2006an eta 2012an, hurrenez hurren, aurkitu zituen bilaketak egiteaz arduratzen den elkarteak, baina Julia Inesek desagertuta jarraitzen du.

Contreras Recino anai-arrebek 4 urte, 20 hilabete eta lau hilabete zituzten 1982eko abuztuaren 25ean operazio militar baten baitan eraman zituztenean.

«Milaka ama gara oraindik ere gure seme-alaben bila gabiltzanak», baina baita «haurrak ez diren beste senide batzuen bila ere, ez baitziren haurrak izan bahitu zituzten bakarrak, erail zituzten bakarrak, jende heldua ere bada tartean», amaitu zuen Maura Cotrerasek.

El Salvadorreko gerra zibilak (1980-1992) 75.000 hildako, 8.000 desagertu eta 12.000 elbarri utzi zituen, gutxi gorabehera, iturri ofizialen arabera.

sententzia

Giza Eskubideen Ameriketako Gorteak, besteak beste, oraindik desagertuta dauden haurrak aurkitzeko eta horretarako behar diren ikerketei ekiteko eskatu dio Estatuari honen aurka emandako epaian.

bigarren zigorra

El Salvadorreko Estatua bi aldiz zigortu dute, lehena 2005ean Erlinda eta Ernestina Serranu Cruz ahizpen auzian eta bigarrena, 2011n, Contreras anai-arreben, Mejia Ramirez ahizpen eta Jose Ruben Riveraren auzian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo