Barne ministroak Bildu jomugan jarri ondoren, fiskalak Mintegi ikertuko du
Barne ministro espainolak Laura Mintegik Macongo atxiloketak kritikatu zituelako Bildu jomugan jarri, eta handik gutxira, Estatuko fiskal nagusi Eduardo Torres-Dulcek ikerketa zabalduko duela iragarri zuen.
GARA | MADRIL
Estatu espainoleko fiskal nagusi Eduardo Torres-Dulcek atzo iragarri zuenez, ikerketa abiaraziko du Polizia frantsesak Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbide euskal herritarrak atxilotu ondoren Laura Mintegik egin zituen kritikak direla-eta. Pixka bat lehenago, Barne ministro espainol Jorge Fernandez Diazek jomugan jarri zuen Bildu, adierazpen hauekin «marra gorria pasatu» duela esanez. Ministroak norabidea markatu zuen, eta fiskala hitzetatik ekintzetara pasatu zen azkar asko.
Mintegik astelehenean Radio Euskadi irratiari egindako adierazpenetan esan zuen Lesaka eta Iturbideren atxiloketak gatazkaren konponbidea atzeratu egiten duela, ez dela lagungarri.
Euskal Herriko egoera eta Kolonbiakoa ere alderatu zituen Mintegik. «Ikusten ari gara Oslon FARCeko eta Kolonbiako Gobernua hitz egiten ari direla. Ziurrenik, FARCeko ordezkariak atxilotu ahal zituzten, azken urteotan izan duten jardueragatik. Baina, ez dituzte atxilotzen. Are gehiago, Gobernuarekin mahai batean esertzen dira», esan zuen Mintegik.
Hori dela-eta, «Gobernu espainolak bake prozesu bat zer den ere ez daki, ez du ideiarik», gaineratu zuen Mintegik. «Bide okerretik doa, hori ez da bide zuzena», esan zuen.
Fernandez Diazen iritziz, hitz horiekin «Bilduk marra gorria pasatu» du: «Akats larri bikoitza da. ETAri baldintzarik gabe bere burua desegiteko eskatzeko aukera galdu du, eta, gainera, atxiloketa hauek direla-eta kexa azaldu du».
«Bere garaian kontatzailea martxan jartzen zela abisatu nuen», esan zuen Fernandez Diazek. «Adierazpen hauekin kontatzailea azkarrago joatea lortu dute», gaineratu zuen.
Inkomunikaturik
Bestalde, Lesaka eta Iturbide Dijongo polizia-etxetik Parisera eramatekotan ziren atzo. Biek inkomunikaturik jarraitzen dute, eta ondorioz, ez dago beraien egoeraren gaineko berririk.
Burlatan, Lesakaren herrian, asanblada informatiboak eta elkarretaratzeak egiten ari dira egunero, bi euskal herritarron inkomunikazioa salatzeaz gain, errepresioaren amaiera eskatzeko eta gatazka gainditzeko elkarrizketan oinarrituriko konponbide bat aldarrikatzeko.
Atxiloketa honen inguruan Efe agentziak zabaldu zuenez, polizia frantsesek ez dute uste Lesaka eta Iturbide zeuden hoteletik ateratako materiala kalean uzteak gailu hauek froga gisa erabiltzeko baliogabetu dituenik. Poliziek hoteletik atera zituzten poltsa ugari kalean ahaztu zituzten, eta kazetariek eskua sartu zuten bertan irudiak atera ahal izateko.