GARA > Idatzia > Kultura

Xabier Leteri buruzko saiakera batek Euskadi Saria irabazi du

Xabier Letek komunikabideetan eginiko hainbat elkarrizketa eta artikulu oinarri hartu zituen Inazio Iraola editoreak «Xabier Lete (Auto)biografia bat» osatu zuenean. Ezohiko biografia honek irabazi du aurtengo euskarazko saiakeraren Euskadi Saria. Atzo jakinarazi zituzten sariketako sei atalen irabazleak; gaur, Bilbon, literaturakoak iragarriko dituzte.

Amaia EREÑAGA | DONOSTIA

Polemikaren kutsua izan ohi dute, aldian-aldian, Euskadi Literatura Sariek. Batzuetan boikota dela-eta -2007ean, adibidez, idazle talde batek parte hartzeari uko egin zion, beraien iritziz, orduko Kultura Sailak irizpide politikoak erabiltzen zituelako sariketan-, beste batzuetan erabaki harrigarriengatik. Iaz polemika bizia sortu zen Joseba Sarrionandiaren «Moroak gara behelaino artean?» (Pamiela) euskarazko saiakeraren sariari zegokion dirua (18.000 euro) Kultura Sailak «atxiki» egingo zuela iragarri zuenean «irabazleak Justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean». Madrileko Auzitegi Nazionala ere tartean sartu zuen Blanca Urgellen sailak, azkenean, eta hilabete batzuk pasa ondoren dena konpondu zen.

2012ko sariketan gauzak lasaiago joango direla ematen du, eta gaur gaztelaniazko eta euskarazko literatura saridunak zein diren argitu aurretik -Harkaitz Canoren «Twist» eleberriaren titulua bolo-bolo dabil egunotan- atzo Donostian beste sei atalen irabazleak zein diren eman zuten jakitera.

Haur eta gazte literaturari dagokionez, Iban Zalduaren testua eta Julen Ribasen irudiak dituen «Azken garaipena» komikia euskarazko ataleko irabazlea da. Gaztelaniaz, Iban Barrenetxea elgoibartarrak idatzi eta margotu duen harribitxi bat -«El cuento del carpintero»- saritu zuten. Iaz ere sari bera jaso zuen. Hendaian bizi den Sara Morante ilustratzaileak Nevsky Prospects argitaletxe madrildarrarekin kaleratutako «La flor roja» nobelaren ilustrazioak saritzea erabaki zuen ere epaimahaiak.

Euskarazko literatura itzulpenaren saria Xabier Olarrak eta Arantzazu Royok itzulitako Alaa Al Aswani egiptoarraren «Jakobian eraikina» nobelak jaso zuen, eta azkenik, saiakeran, bi lan zeharo desberdinek jaso dute Euskadi Saria: «Xabier Lete (auto)biografia)» lanari heldu zionean euskal idazle eta musikariak «zuen ahozkotasuna, modu obsesiboan, gorde nahi nuen galdu ez zedin», Inazio Iraolaren hitzetan, eta horixe bera azpimarratu zuen epaimahaiak. Gaztelaniaz, berriz, Daniel Innerarity filosofo ospetsuak egungo sistema politikoaren gainbehera aztertzen du «La democracia del conocimiento» lanean.

Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko du; horri beste 4.000 euro gehituko zaizkio saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Euskadi Sarien banaketa ekitaldia azaroaren 13an izango da Bilbon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo