GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Apustua

Zaldua eta Irazu urtarrilaren 27an neurtuko dira Tolosako zezen-plazan

p036_f02_97x96.jpg

Jon LEUNDA

Jon Irazuk eta Xabier Zalduak urtarrilaren 27an jokatuko dute elkarren aurkako apustua Tolosako zezen-plazan. Orain dela bi aste egin zuten bileran ados jarri ziren apustua egiteko, baina Irazuk hatz batean arazoak ditu, eta ezer sinatu aurretik probatu egin nahi zuen Zizurkilgoak, eta ostiral gauean batzeko geratu ziren. Bildu ziren, eta Irazuk baiezkoa eman zuen, eta ikusmin handia piztuko duen apustua jokatzeko geratu ziren.

Aizkolari bakoitzak hamar kana-erdiko eta lau oinbiko erdibituko ditu. Egur txikiak Zalduak plazaratuko ditu, eta handiak, berriz, Irazuk. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatuko ditu dirutan. Zalduarentzat bosgarren apustua izango da, eta Irazurentzat lehenengoa.

Sokatira

Herenegun arratsaldean hasi zen Nafarroako Sokatira Txapelketa Gorritin, eta Berriozarrek eta Sakanak denboraldiko lehen txapelak lortzeko aurreneko pausoak eman zituzten, beraien pisuan irabazi ostean.

Mutilak 640koan aritu ziren, eta Berriozar izan zen onena, Amaiur eta Txantrea mendean hartuz. Bigarren postuan, berriz, berdinduta geratu ziren Amaiur eta Txantrea, talde bakoitzak tiraldi bana irabazi baitzion elkarri, Berriozar taldearekin galdu ostean. Nesketan bi talde bakarrik aritu ziren lanean, eta Sakanak tiraldi guztiak irabazi zizkion Basaburua-Imotzi, eta txapela zeinek eramango duen garbi ikusi zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo