Inkesten arabera, berdinketa teknikoa, ilusiorik piztu ez duten hauteskundeen bezperan
Dena prest dago AEBetako hauteskundeetarako. Gaur bozkatzera doazen herritarrek hurrengo presidentea hautatuko dute, besteak beste, eta ezin esan faborito argi bat dagoela. Prest dago dena, baina ezer ez dago erabakita. Kanpainaren azken txanpan, bi hautagai nagusiek, Barack Obamak eta Mitt Romneyk, zortzi estatutan zehar eman zituzten kanpainako azken bi egunak, oraindik boza nori eman erabaki gabe zuten hautesleak konbentzitzeko azken ahaleginean. Izan ere, estatu gako direnetako hautesleen bozek erabaki dezakete garaipena. Romneyk «aldaketa» aldarrikatzen du, baina ez dirudi ilusio handirik piztu duenik eta zaila izango du estatu horietan aurreikuspenei buelta ematea; nolanahi ere, inkesta gehienen arabera behinik behin, bi hautagaien arteko berdinketa teknikoa dago. Obamak duela lau urte agindu zituen aldaketekin jarraituko duela badio ere -eta haren garaipenetik inongo iraultzarik ezin espero zitekeela jakinda ere-, bere agintaldian erakutsi duena ez dator bat orduan bere inguruan sortutako ilusio eta itxaropenarekin. Eta Romneyk, esan bezala aparteko ilusiorik sorrarazi gabe ere, badu bere alde hautesle-oinarri sendo bat, fideltasun handia erakutsi ohi duena.