GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Aproposko jantziak

Behar dugu zerbait. Behar dugu lehia, besteekin edo gure buruarekin. Aspaldian besterik ez dut ikusten, hara eta hona jendea korrika. Bazkaritarako atsedenaldiari ateratzen diote probetxu zenbaitek entrenamenduak egiteko. Loari kentzen dizkiete orduak, besteek, goiza argitu aurretik kasik giharrak berotu eta kilometroak egiteko. Aitortu behar dut, inbidiaz begiratzen diet kirola egiteko ez dagoen tokitik ere denbora eta kemena ateratzen duten horiei; niri, izan ere, galtza motzak eta zapatilak jartzea kosta egiten zait, baina, behin korrika saioa eginda, egun asko pasa aurretik berriz ere irtengo naizela promes egiten diot nire buruari. Gustuko dut kirola egin osteko gorputz-buruko lasaitasun hori, erabateko hori, baina ez horrenbeste korrika egiterakoan sentitzen den ezina, nire buruaren «kitto!» horri behin eta berriz ezetz esan beharra.

Karta jokoan daukadan lehiakortasuna ez dut kirol-eremu horretara eraman, ez behintzat nik neure buruarekin jokatzen dudan partida bada; baina jendeak badaki edo behintzat ikasi du horretan. Korrika egitea modan jarri da; denbora askorik ez da behar izaten izerdia lehertzeko, ez behintzat beste kirol batzuetarako behar adina, eta hori abantaila handia da. Edozein lekutan egin ahal izatea da, nire ustez, beste abantaila. Zenbait herritan, segurua eta argitsua den eremu bat gertu izatea gehiegitxo eskatzea dela dirudien arren, korrika egiteko hasiera batean ez da aparteko ekipamendu edo tramankulurik behar.

Beharrik ez dagoen tokian beharrak sortzen iaioak gara, ordea, inguru hauetan. Asteburuan da korrikalari askorentzat urteko zita, Behobia-Donostia lasterketa alegia. Han irtengo diren askok asteak daramatza errepide bazterretan sasoia hartzen, lasterketa egunean puntu-puntuan egoteko entrenamenduak egokitzen eta denborari segundoak lapurtzeko ahaleginak egiten. Saialdi horretan dena da garrantzitsua, jana, giroa eta, noski, baita jantzia. Azken horretan erreparatu dut azken boladan; izan ere, ez da apenas kalean erabiltzeko balio ez duten horiek jantzita kirola egiten duenik jada. Izerditzeko ere apropos erosten dira arropak; lehen pausoa eman aurretik abiatzen da lehia eta kirol-arropa denda handiek lasterketa horri egiten diote batez ere txalo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo