Txinako Alderdi Komunistak Wen Jiabao ikertuko du, berak hala eskatuta
Wen Jiabao lehen ministroak bere jabetzak ikertzeko eskatu dio Txinako Alderdi Komunistari. «The New York Times» egunkari estatubatuarrak dioenez, Wenen karguaz baliatuta, bere familiak 2.700 milioi dolar irabazi ditu. Lehen ministroak hori gezurra dela frogatu nahi du.
GARA | PEKIN
«The New York Times» egunkari estatubatuarrak Wen Jiabaoren familia, haren karguaz baliaturik, aberastu egin dela salatu zuen urriaren 26an argitaraturiko txosten mardul batean. Lehen ministroaren harremanei esker, 2.700 milioi dolarreko dirutza lortu izana leporatzen zien Wenen senitartekoei. Horien abokatuek egunkariaren kontrako neurriak hartuko zituztela mehatxu egin zuten. Wenen gertuko batzuk enpresaburuak direla onartu zuten arren, legea urratu izana tinko ukatu zuten.
Aipaturiko argitalpenak zalaparta handia sortu zuen bai Txinan, bai nazioartean, batez ere, Alderdi Komunistaren XVIII. Kongresua hastear dagoenean.
Hori dela eta, Wenek berak argitaraturiko guztia gezurra dela adierazi zuen berehala alderdiaren Batzorde Iraunkorrari bidalitako gutun batean eta beraren nahiz bere familiaren inguruko ikerketa egiteko eskatu zion, «South China Morning Post»-ek esandakoaren arabera. Batzorde Iraunkorrak, bederatzi pertsonak osatua, Alderdi Komunista eta, hortaz, herrialdea, zuzentzen du.
Wenen familiak Ping An enpresan dituen akzioak ikertuko dituzte bereziki. Txinako aseguru-etxe handienetarikoa da.
Aipaturiko egunkariaren iturrien arabera, Alderdi Komunistako kontserbadoreek ez dute begi onez ikusten Wenen ildo liberala eta, horregatik, «The New York Times»-en erreportajearen gaineko azalpenak berehala emateko exijitu zioten. Bere gidaritzapean eta, hein handi batean, bere erreforma politikari esker, Txina munduko bigarren ekonomia izatera iritsi da.
Kalean ere lan handia egin du, herritarren sinpatia bereganatuz. 2008ko lurrikara gertatu eta ordu gutxira, kalteturiko lekuetara bisita egin zuen. Megafonoa eskuan, hondakinen artean norbait bizirik ba ote zen galdezka ibili zen. Herritarrek asko eskertu zuten «Wen aitona»-ren kezka. Nazioartean ere ospea du.
Cheng Hai abokatu eta behatzaileak gainerako buruzagi txinatarrek Wenen jarrera eredutzat hartu beharko luketeela uste du. Bere iritziz, «baliteke eskaera horrekin besteei etsenplu eman nahi izatea. Eta erreportajea faltsua bada, egunkariaren kontra egiteko erabil dezake ikerketa».
Wenen «asmo onak» aitortu arren, Chengen iritziz, ikerketa hirugarren pertsona batek egin beharko luke, gobernuz kanpoko erakunde batek, esaterako.
Txinako agintari batek atzerriko hedabide bati erantzun dion lehen aldia da. Adituen hitzetan, Wenek bere izen ona babestu nahi du, are gehiago, alderdiaren kongresuaren atarian, boterea lortzeko borroka aspaldi zabaldu zen eta.
Japoniako eta Txinako Atzerri ministerioek Diaoyu edo Senkaku uharteen gaineko elkarrizketekin jarraitzea adostu zuten Wuhanen, Txinaren erdialdean, bildu ostean. Bi herrialdeek irla horien gaineko subiranotasuna aldarrikatzen dute.